Txingurriye taldeak aurkezten du: Gora ezkonberriak!

Guaixe 2016ko mai. 6a, 11:57

Larunbatean, 18:30ean eta 19:30ean Lakuntzako kultur etxean. Sarrerak herriko tabernetan salgai daude eta bihar txarteldegian izanen dira ere.

Lakuntzan bizitzen bukatu duten pertsonen integrazioaren alde lanean ari da Txingurriye taldea. Integrazioa modu askotan egin daitekeela argi dute, ez soilik lakuntzar berrien seme-alabei eskola-laguntza emanez edota edozeini euskara erakutsiz. Txingurriye taldeko Emma Larretak argidu jarduera ludikoen bidez ere lortu daitekeela lakuntzarren arteko bizikidetza hobetzea.

Larretak arteak gogoko ditu eta joan den urteko Txingurrye egunerako musikalen omenezko ikuskizuna prestatu zuen eta aurten “nahasketa komedia” bat idaztea erabaki du. “Joan den urteko ikuskizunaren ondorioz jendeak zer egiten dudan badaki eta aktore lanetarako koadrila eta kezka ezberdinak dituzten lagun talde anitza biltzea lortu dut”. 20 lakuntzar ariko dira Gora ezkonberriak! antzezlanean paperak jokatzen. “Esperientzia gabekoak dira. Euren izaeraren araberako pertsonaiak sortu ditut”. Aktoreak unerako propio jantziak daude. Gainera, haiek izan dira eszena-tokia prestatu dutenak. Larretak ez digu azalpen gehiago eman nahi izan, “sorpresa da. Entretenigarria izanen da”. Hori bai, helduendako ikuskizuna dela azpimarratu digu. 

Gidoigileak azaldu digunez lau hilabete daramate antzezlana prestatzen. “Zaila izan da familia eta lana ardurekin uztartzea”. Entseguetan giro berezia sortu dela nabarmendu du Larretak: “elkarrekin ordu asko eman ditugu. Lotsa galdu dute eta herritarren artean ongi pasatu dute. Jende anitza da, ikuskizunaren kontura erlazioa handitu dutenak”. Obran euskara eta gaztelania tartekatzen direla ere azaldu digu: “Txingurriyeren helburua integrazioa da eta horrekin batera euskara bulkatzea. Baina zubi lanerako eta denek ulertzeko erdara erabiltzen dugu ere”.