Lakuntzak bere kultur errealitatea ezagutu nahi du

Guaixe 2016ko mai. 28a, 10:24

Lakuntzako Udaleko Kultura Batzordeak herriak kultura arloan duen egoera aztertu eta aurrera begirako plangintza osatu nahi du. Horretarako, prozesu zabala jarri du martxan. Eta, horretan, lakuntzarren iritzia jasotzea ezinbesteko jo du. Kultura Batzordeak azterketa egiteko inkesta bat betetzera gonbidatu ditu lakuntzarrak, Internetez erantzun daitekeena.

Inkestak zenbait atal ditu eta guztira 37 galdera. Aurreneko lauak erantzuna ematen duen pertsonaren inguruko datu orokorrak dira. Aisialdiari buruzko atala sei galderaz osatua dago eta lakuntzarrei galdetzen zaie, besteak beste: astegunetan edo asteburuetan denbora librerik duten eta egunaren zein garaitan; denbora librea herrian edo kanpoan ematen duten edota herrian daudenean denbora libre hori zein tokitan ematen duten zehazteko eskatzen du.

Inkestak lakuntzarrek egiten dituzten eta egin nahi lituzketen jarduerak ezagutzeko lau galdera gehiago ditu. Bestetik, udalak dituen kultur ekipamenduen ezagutzaren eta haien balorazioari buruzko bina galdera daude inkestan. Gaur egun dagoen kultura eskaintzari buruzko argibideak ere eskatzen zaizkie lakuntzarrei: eskaintza ezagutzen duten, haien berri nola jasotzen duten, parte hartzen ote duten, zergatiak… Udalaren kultura politikaren inguruan eta elkarteek sustatzen dituztenez ere galdetzen da. Azkenik, Kultura Batzordeak lakuntzarrak sumatzen dituzten beharrak adieraztera eta proposamenak egitera animatu ditu.