Lakuntza-Aralar lasterketarako izena ematea zabalik

Guaixe 2016ko eka. 2a, 10:52

Garagarrilaren 12an jokatuko da, baina izena ematea zabalik dago

Garagarrilaren 12an jokatuko da Lakuntza-Aralar mendi lasterketa, Zabalarte klubak antolatutakoa. Aurten bi ibilbide prestatu dituzte. Ohikoa, luzea (24,7 km), eta ibilbide laburragoa (13,3 km). Proba Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako puntuagarria izango da. Izena ematea zabalik dago www.lakuntza-aralar.com edo www.herrikrosa.eus web orrietan (ibilbide luzean federatuek 15 euro eta federatu gabeek 20 euro eta ibilbide laburrean federatuek 12 euro eta federatu gabekoek 15 euro).

Luciernaga Elkartea lagunduko dute
Nafarroako Asperger sindromea eta TEA duten pertsonen senitartekoak biltzen dituen Luciernaga Elkartea lagunduko du aurten Zabalarte klubak. Garagarrilaren 12an, 9:30ean Lakuntza-Aralar mendi lasterketan abiatu ondoren, goizeko 10:00etan lasterketa solidarioa antolatu du Zabalartek Luciernaga Elkartearen alde. Bertan haurrek, helduek, nahi duten guztiek hartu ahalko dute parte, plazari buelta bat ematea baita kontua. Dortsalak salgai egonen dira herriko tabernetan eta egunean bertan (2 euro), aipatu elkartearen alde. Ekimena eta Luciernaga Elkarateak egiten duen lana ostiralean aurkeztuko dute, ekainaren 3an, 18:00etan, Lakuntzako udaletxean.

Bihar, Lakuntza-Aralar ibilbidea egitera
Lakuntza-Aralar lasterketako ibilbidea zuzenean ezagutu nahi duenak bihar du aukera. Bihar, ekainaren 4an, larunbatean, Lakuntza-Aralar Mendi lasterketako bi ibilbideak eginen dituzte Zabalarte klubekoek, eta nahi duten guztiek. Ibilbide luzea egiteko goizeko 8:00etan jarri dute hitzordua, Lakuntzako plazan. 3 ordu inguru beharko dira. Ibilbide motza egiteko, aldiz, 9:00etan aterako dira. Kasu honetan, 2 ordu inguru beharko dira.