"Umetatik gustatu izan zaizkit animaliak"

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko eka. 3a, 14:33

Odei Juango

Animali exotikoak dituen lakuntzarra

1. Maskota bereziak dituzu.

Gehien bat narrastiak ditut. Haien artean lau kameleoi; bi geko, kameleoiak baino txikiagoak dira eta basamortuan bizi diren animaliak dira; baranoa eta igel tropikalak, zuhaitzetan bizi dira. Gainera, arrain tropikalak ere baditut arrainontzi batean eta guakamaioa. Horiek etxean ditut. Baratzean ostrukak eta ohikoagoak diren animaliak ditut: oiloak, ahateak, txakurrak... Kameleoiak Madagaskarrekoak dira, gekoak uste dut Afrikakoak direla, igel tropikalak eta guakamaioa Hego-Amerikakoak, baranoa Afrikakoa...

2. Nola hasi zinen animalia hauek zaintzen?

Umetatik gustatu izan zaizkit animaliak. 14 urterekin edo lehenengo kameleoia erosi nuen, orduan hasi nintzen animalia exotikoekin. Iguana bat izantea nahi nuen eta amak ezetz esan zidan. Aitak kameleoia utzi zidan, baina iguana ez. Iguanak erraldoiak dira.

3. Nola lortzen dituzu?

Kameleoia Iruñeko animalia denda batean erosi nuen. Besteak Internet bidez, jakin nuelako Internet bidez merkeagoak zirela. Partikularrek saltzen dituzte edo Interneteko dendetan. Guakamaioa Leoneko pertsona bati erosi nion. Burgosen gelditu ginen, bidearen erdian.

4. Horrelako animaliak lortzea erraza da?

Bai, erraza da. Badago jendeak hezten dituenak eta denetarik duzu. Baranoak ihes egin zuela-eta jendeak esaten zidan animaliak legalak ote diren; bai, dena legala da, paperak dituzte. Edozein etxe-animalia bezala.

5. Animalia hauek ez dira arriskutsuak.

Beste narrasti batzuk ingurumenerako arriskutsuak izan daitezke ugaltzen direlako. Baina hauek ihes egiten badute bi hilabetetan hilko dira eta ez da ezer gertatuko. Eta norbaitek aurkitzen badu, ez dute ezer egiten.

6. Zaintza bereziak behar dituzte?

Bai, bereziki hezetasuna eta beroa behar dute. Beroa ematen duen bonbilla bat eta izpi ultramoreen beste bat behar dute, bitaminak lortzeko, eta abar. Interneten dituzten behar eta zaintza guztien fitxak daude, eta bertan nongoak diren, bertako klima, eta beste aipatzen dute.

7. Zer jaten dute? Nola lortzen duzu janaria?

Gehien bat kilkerrak jaten dituzte. Mokotarroak, larrapoteak, matxinsaltoak, sagu txikiak... horrelako gauzak. Janaria lortzeko bi aukera daude: zuk hezten dituzu edo erosten duzu. Kasu batzuetan hezten ditut eta beste batzuetan erosi.

8. Beti terrarioetan egoten dira?

Eguraldi ona egiten badu kalera ateratzen ditut eguzkia hartu dezaten. Nahiz eta bonbillek eguzkia simulatzen duten, hobe da benetako eguzkia hartzea. Terrarioak etxean ditut, nahiko lekua behar dute. Igelena txikia da, baina kameleoienak metro bateko altuera izango du, gutxi gorabehera.

9. Familiak zer esaten dizu?

Ez didate asko esaten. Egunen batean etxetik botako nautela, baino gutxi gehiago.

10. Jendea animaliak ikustera etortzen da?

Bai, koadrila eta herriko umeak eta gaztetxoek loroa edo muskerrak ateratzeko eskatzen didate-eta.

11. Zein da gogokoen  duzun animalia?

Loroa. Oso maitakorra da, zure gainean dago adeitasuna eskatuz eta berari kasua egitea nahi du beti. Narrastiek ez dute maitasun hori ematen.