Igandean Lakuntza-Aralar mendi lasterketa, nobedadeekin

Guaixe 2016ko eka. 10a, 13:03

Lehenengoz ibilbide luzea (24,7 km) eta motza (13 km) izanen dira. Horretaz gain, Zabalarte klubak lasterketa solidarioa antolatu du Luciernaga elkartearen alde

Igandean jokatuko da XIII. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa. Zabalarte klubak antolatu du, hainbat entitate, talde eta babesleren laguntzarekin. Antzinako apustuetan oinarrituta sortu zen Guardetxeko igoera lasterketaren tokia hartu zuen probak, ibilbidea luzatuz. Aurten, nobedade moduan, bi ibilbide egiteko aukera egonen da: ibilbide luzea, ohikoa (24,7 km, 1.114 m desnibel +), eta ibilbide motza (640 m desnibel +). Ibilbide luzea Nafarroako Mendi Lasaterketen Txapelketarako puntuagarria izango da.

Bi aukerak
Korrikalari guztiak 9:30ean abiatuko dira Lakuntzako plazatik eta Atazarko igoeratik Guardetxera igoko dira (1.035 m), antzinako galtzadatik pasaz. Ibilbide luzea hautatzen dutenak Guardetxetik Albi eta Mugerdin barneratuko dira, Belokiko lepora joz (1.205 m) eta handik zuzen Unako putzura ailegatuz, gero Hirumugarrietako tontorrera (1.431 m, Aralarko tontorrik altuena) iritsi arte. Ondoren Lakuntzarako bidea hartuko dute Desaoko borda eta Pagomari (1.140 m) atzean utzita eta Aranguneko portutik jaitsiko dira. Aldiz, ibilbide motza hautatzen dutenek Guardetxeko pista eskuinean utzita pagadian barna Larluzgaineraino (1.103 m) iritsiko dira eta handik ekingo diote jaitsierari, Etxaaltxetatik pasaz eta Aranguneko portutik jaitsiz Lakuntzaraino heltzeko.

Ibilbidean barna 5 kontrol eta 4 hornidura gune egongo dira. Akaberan, ohikoa denez, masajeak hartzeko aukera eskainiko du Surya masaje eskolak. Eta, jakina, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan.

Gaur, izena emateko azken eguna
Gaur, ekainaren 10ean despedituko da izena ematea, 24:00etan www.lakuntza-aralar.com edo www.herrikrossa.com orrietan, eta erredakzioa ixteko garaian proba luzean 151 korrikalari eta laburrean 59 zeuden izena emanda. Aurreko urtean Unai Oria (2:04:01) eta Leire Fernandez (2:29:02) izan ziren irabazleak, 148 korrikalarien artean.  

Sariak
Sari banaketa 13:00etan hasiko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta tekniko bat eta produktu lote bana jasoko dute. Proba nagusiko irabazleek, gizon eta emakumeak, 250 euro, txapela eta trofeoa jasoko dituzte. Errekorra hobetzen duenak 150 euroko aparteko saria jasoko du (Aritz Egea, 01:58:05 eta Sandra Sevillano, 02:26:30). Bigarrenek 100 euro eta trofeoa, eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek, lehen juniorrek eta lehen promesek trofeoak jasoko dituzte. Ibilbide motzean, lehendabizikoek garaikurra eta produktu lotea jasoko dute, bigarrenek eta hirugarrenek eta kadetek garaikurra.

Luciernaga Elkartearen aldeko lasterketa solidarioa 10:00etan
Nafarroako Asperger sindromea eta TEA duten pertsonen senitartekoak biltzen dituen Luciernaga Elkartea lagunduko du aurten Zabalarte klubak. Igandean, 9:30ean Lakuntza-Aralar mendi lasterketan abiatu ondoren, goizeko 10:00etan lasterketa solidarioa antolatu du Zabalartek Luciernaga Elkartearen alde. Bertan haurrek, helduek, nahi duten guztiek hartu ahalko dute parte, plazari buelta bat ematea baita kontua. Dortsalak salgai egonen dira herriko tabernetan eta egunean bertan (2 euro), aipatu elkartearen alde.

Bezperan hitzaldia
Larunbatean, 19:00etan, Fermin Azanzak hitzaldia eskainiko du: “mendi lasterketen prestakuntza eta indar entrenaenduaren onurak”.

www.lakuntza-aralar.com
Lasterketari buruzko informazio guztia.