Lakuntza-Aralar: Ben Daoudek ia 6 minututan hobetu zuen errekorra

Guaixe 2016ko eka. 13a, 11:38

20 urteko deriotarrak 1:52:17an osatu zuen proba. Alizia Olazabal errekorra apurtzetik 27 segundora geratu zen. Proba laburrean Alberto Martinez lakuntzarra eta Izaskun Beunza olaztiarra gailendu ziren

Sakandarrak XIII. Lakuntza-Aralar mendi lasterketan
Ibilbide luzea (24,7 km)
Gizonak:
1.Hamid Ben Daoud (Derio): 1:52:17
5.Beñat Katarain (Lak): 2:04:07
14.Aritz Munarriz (Etx): 2:16:12
17.Alberto Razkin (Etx): 2:19:03
25.Israel Arbizu (Etx): 2:22:28
26.Aritz Pellejero (Lak): 2:22:38
27.Patxi Cano (Alts): 2:23:04
29.Fran Araña (Arb): 2:23:55
39.Aitor Mozo (Lak): 2:27:09
45.Iosu Garmendia (Etx): 2:29:31
46.Andoni Azanza (Alts): 2:29:57
50.Francisco Javier Gomez (Alts): 2:31:30
53.Jose Javier Beregaña (Uhar): 2:32:09
62.Migel Angel Asurabarrena (Lak): 2:37:49
72.Iker Flores (Alts): 2:41:09
77.Javier Gonzalo (Uhar): 2:42:46
84.Luis Areta (Lak): 2:45:41
90.Ander Vinagre (Alts): 2:49:22

Emakumeak
1.Alizia Olazabal (Irun): 2:26:57
7.Ginesa Lopez (Alts): 2:49:42

Ibilbide motza (13 km)
Gizonak:
1.Alberto Martinez (Lak): 1:04:51
6.Raul Audikana (Olaz): 1:10:31
9.Alatz Agirre (Arb): 1:11:16
14.Alejandro Zabala (Lak): 1:17:33
23.Xabier Urrestarazu (Etx): 1:24:09
32.Ander Orabengoa (Olaz): 1:27:27
39.Ekain Alegre (Alts): 1:29:32
42.Inhar Astitz (Uhar): 1:33:30
45.Luismi Chaves (Lak): 1:36:46
48.Joxi Lazkoz (Lak): 1:41:27
49.Raul Moro (Etx): 1:41:27
59.Unai Razkin (Irur): 1:50:21
61.Josu Ducar (Arb): 1:53:52

Emakumeak:
1.Izaskun Beunza (Olaz): 1:24:12
2.Maria Goikoetxea (Etx): 1:27:35
6.Leire Palacios (Alts): 1:41:34
7.Marta Diego (Alts): 1:41:51
14.Amaia Gerrikagoitia (Arb): 1:53:52
16.Haizea Ramirez de Alda (Alts): 1:54:42
17.Mari Jose Arza (Alts): 1:56:09
18.Isabel Pozueta (Alts): 1:56:09


Ikusgarria izan zen igandean Lakuntzan jokatutako XIII. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa. Aurten, lehenengoz, ohiko lasterketarekin batera (24,7 km, 1.114 m desnibel+), lasterketa laburra (13 km, 640 m desnibel +) antolatu zuen Zabalartek. Guztira 250 korrikalari aritu ziren, 170 proba nagusian eta 80 laburrean.

Korrikalari guztiak elkarrekin joan ziren Guardetxeraino. Ibilbide luzekoak Belokiko lepora, Unako putzura eta Hirumugarrietako tontorreraino iritsi ziren, Pagomaritik eta Aranguneko portutik Lakuntzaraino jaitsiz. Aldiz, ibilbide motzekoek Guardetxetik Larluzgaineraino iritsi ziren eta Etxaaltxetatik eta Aranguneko portutik jaitsi ziren Lakuntzaraino. Lakuntzan menditik jasotako denborak hasi ziren ailegatzen eta hasieratik ikusi ahal izan zen egun berezia izango zela. “Erreferentziak harritzekoak dira. Oso denbora onak egiten ari dira. Horrela mantenduz gero, errekorrak apurtuko dira gaur” adierazi zuen Zabalarteko Nordine Jdi Babak. Eta horrela izan zen.

Ibilbide laburra, sakandarrena
Alberto Martinez lakuntzarrak ia oharkabean hartu zituen antolatzaileak, ordu bat pasatxo iritsi baitzen helmugara (1:04:51). Ia 3 minutu atera zizkion Mikel Senperena abaltzisketarrari (1:07:15). Erriberriko Javier Cuadradok osatu zuen podiuma (1:07:17). Emakumezkoetan Izaskun Beunza Olaztiarra izan zen txapelduna (1:24:12). Hiru minutu pasa atera zizkion Maria Goikoetxea etxarriarrari (1:27:35). Itsasne Galparsorok osatu zuen podiuma. Aipatzekoa da sakandar ugari aritu zirela proban. “Distantzia horren luzeetan mugitzen ez garen baina korrika egitea gustatzen zaigunondako primerako ideia izan da Lakuntza-Aralar laburra antolatzea. Aukera handi bat da guretzat eta ibilbidea ederra da” adierazi zuten proba laburrean aritu ziren sakandarrek. Tartean zeuden Dantzaleku-Sakana klubeko mendi ataletik sortutako emakumeen taldekoak. Euren lehenengo mendi lasterketa izan zen eta egindakoarekin kontentu zeuden. “Proba bukatzea, hori zen kontua eta lortu dugu” zioten.

Ben Daoud, ikaragarria
Bozgoragailuetatik abisatzen aritu ziren Zabalartekoak, Hamid Ben Daoud deriotarra ziztu bizian zihoala. Guardetxera soilik 32 minututan igo zen eta erritmo altuari eusten zion. Hirumugarrietara ere azkar igo zen eta jaitsiera ikusgarria egin zuen. Helmugara 1:52:17an iritsi zen, Aritz Egeak 2014an lortutako marka (1:58:05) ia 6 minututan hobetuz. Primerako itxurarekin iritsi zen helmugara 20 urteko gazte hau, ia izerdirik bota ez balu bezala, eta besarkada handi batean murgildu zen Euskal Herrian ia bere familia diren Mac Gragh-tarrekin. Ia 10 minutu atera zizkion Juanjo Igarzabal gipuzkoarrari (2:02:37). Xabier Plazaola oreindarra izan zen hirugarrena (2:03:27). Beñat Katarain lakuntzarra 5.a iritsi zen (2:04:07). Lehen beteranoa Carlos Iturriaga aguraindarra izan zen, helmugan 8.a (2:08:53).

Junior mailan Espainiako kross txapelduna lautan izan da, eta Espainiako pista txapelduna bostetan izan da Ben Daoud, baina bere lehendabiziko mendi lasterketa zen Lakuntzakoa, duela hiru urte beste batean aritu ondoren. “Izugarria, mutiko honek sekulako etorkizuna dauka” entzuten zen zaleen artean. Lakuntza-Aralarreko txapelduna izateaz gain, lehen promesaren saria jaso zuen. Etorkizun oparoa, berea. “Guardetxen nahastu egin naiz eta hasieran ibilbide laburrean sartu naiz, baina gero ongi. Izugarri gustatu zait proba, zirkuitu oso polita da” adierazi zuen txapeldunak. 14 urterekin iritsi zen estatura, ibilbide zail baten ondoren, eta adintxikikoen zentro batean egon ondoren egun Derion dago. Nazionalitatearen zain dago eta etorkizun oparoa du.



Emakumezkoetan 2014an Sandra Sevillanok lortutako errekorra (2:26:30) ia apurtzekotan egon zen Alizia Olazabal korrikalari beteranoa (2:26:57). “Nola diren gauzak. Lesio bat gainditzetik nator eta probatzea eta proba bukatzea, hori zen nire helburua. Baina oso ongi sentitu naiz lasterketan. Eta begira, inoizko denborarik onena egin dut eta ia errekorra apurtzekotan egon naiz” zihoen 46 urteko irundarrak. 15. Kilometrora arte Maider Fraile izan zuen alboan, baina Olazabalek erritmoa indartu eta Fraile atzean utzi zuen. Minutu eta erdira sartu zen Fraile (2:28:29), eta Inma Sainz izan zen hirugarrena (2:36:20). Lehen sakandarra mendi lasterketetan debutatu duen Ginesa Lopez izan zen, emakumezkoetan zazpigarrena (2:49:42).

Auzatea eta sariak
Korrikalari guztiek kamiseta eta produktu lotea jaso zuten opari. Gainera, makina bat sari zozketatu ziren korrikalarien artean. Proba nagusiko irabazleek 250 euro, bigarrenek 150 euro eta hirugarrenek 100 euro jaso zituzten. Errekorra gainditzeagatik beste 150 euro jaso zituen Ben Daoudek. Gainontzeko saritutakoendako trofeoak eta oroigarriak izan ziren. Helmugan auzate ederra zuten zai korrikalariak, gogoz eskertu zutena. Zabalartekoek gogoz egin zuten lan, baina loreak jaso zituzten, korrikalariek “antolakuntza bikaina, hamarrekoa” izan zela adierazi baitzuten behin eta berriz.

Luciernaga elkartea, oso eskertuta
Nafarroako Asperger sindromea eta TEA duten pertsonen senitartekoak biltzen dituen Luciernaga Elkartea lagundu zuen Zabalarte klubak. Horrela, Lakuntza-Aralar lasterketa abiatu eta ordu erdira, Luciernagaren aldeko lasterketa solidarioa burutu zen Lakuntzan, Lakuntzako plazatik behera bueltatxo bat. Txiki, gazte eta heldu, guztiok bat egin zuten ekimenarekin. Dortsalak 2 eurotan saldu ziren, Luciernagaren alde, eta horretaz gain produktu ezberdinen denda jarri zuen Luciernagak. Elkarteak eskerrak eman dizkio Zabalarteri eta ekimenarekin bat egin zuten guztiei. “Zuen guztion elkartasunari esker 1.200 euro bildu ditugu gure neska-mutikoendako. Milesker zuen eskuzabaltasunagatik” adierazi dute elkartetik.