Lakuntza + pertza = erromeria

Guaixe 2016ko abu. 19a, 19:02

Agorrilak 21, igandean, 6:00etatik aurrera.

Aurten berandu, agorrileko hirugarren asteburuan heldu da Lakuntzako festa ospakizuna. Atzeratzearen arrazoia da ama birjinaren egunaren ondoko igandean ospatzen dela erromeria. Eta, horretarako, goizter ibiliko dira lakuntzarrak: 6:00etan abiatuko dira Lakuntzako Pertza elkartetik Aralarko santutegirantz. Astoa eramango dute haiekin, eta hark gosarirako beharrezkoak izanen diren tripotak, ogia eta ardoa eramanen ditu. Zeren santutegirako bide erdia egina dutela, inoiz pertza erori omen zen tokian, lakuntzarrek indarrak hartzeko gosaria egiten dute. Hala, sasoiko iritsiko dira santutegira.

Han meza izanen da, 11:00etan. Elizkizunaren ondoren elkarteak auzatea eskainiko du. Jakina,  tripotak, ardoa eta ogia. Aterpeko plazan  Bil-toki gazte elkarteko kideek Lakuntzako Pertza dantza dantzatuko dute. Santutegi inguruko aldia egin ondoren lakuntzarrak guardetxea zegoen tokira, Albiko zelaira jaitsiko dira eta han bazkalduko dute. Han bertan, 16:30etik 18:30era, dantzaldia izanen da, Lakuntzan 20:00etatik aurrera segituko duena, festa ordu txikitaraino luzatu araziz.

Istorioa
Kontakizunak dio lakuntzarrak Asulbizio festa ospatzera Aralarko santutegira joaten zirela, ohi denez asto gainean gosaria eramanez. Antza, urteren batean, tripotaz betetako pertza maldan behera erori zen. Lakuntzarrak jatekorik gabe gelditu omen ziren. Baina, gainera, tripotetako batek Uharteko errotaria jo eta betoker utzi zuen. Lakuntzarrek entzun behar izan zituztenak! Ziriketzeko asmoz galdetzen zieten: Lakuntzako pertzak ze fin ein zuben? Lakuntzarren ohiko erantzuna bihurtu omen zen: Zuben aittek eta amak izan zuben.

Guztiari buelta emateko Lakuntzako Pertza izeneko elkartea sortu zuten lehenik lakuntzarrek eta ospakizunari heldu zioten, asto, pertza, tripota eta beharrezko guztiarekin.