Gora begiratu nahi du Lagun Arteak

Guaixe 2016ko urr. 28a, 10:58

Preferente mailako 2016-2017 denboraldia oso lehiatua izango dela uste du Lakuntzako taldeak, baina aurreko denboraldiko 5. postua hobetzea da helburua



Denboraldiari aldaketa askorekin ekin dio Lakuntzako Lagun Arteak. Guztira 10 baja izan ditu, iazko entrenatzaile Manuel Plano barne. Arrotxapeara joan da entrenatzaile beteranoa, eta haren tokia Carlos Gomez Puyol gazteak hartu du. “Beti Kozkor taldearen bidez jarri ginen berarekin harremanetan. Bidezarrako entrenatzailea izan da 4 urtetan eta Doneztebe ere entrenatu du. Gaztea da, oso atsegina, aldageletan oso harreman eta giro ona sortu duena. Taldean beste bat gehiago da eta futbolariek oso harreman ona egin dute berarekin” adierazi digu Lagun Arteako idazkari Jesus Mari Goikoetxeak.

Zailtasunak
Aurtengo taldea osatzea kosta egin zaio Lakuntzako taldeari. “Gehienak Sakanako futbolariak dira –Lakuntza, Etxarri Aranatz, Altsasu Irurtzun, Arakil…– baina jokalari gutxi batzuk Iruñea aldekoak dira, entrenatzailearekin etorri diren 3 jokalari, esaterako. Aurten taldea sortzea kosta egin zaigu, inguruan ez zegoelako futbolari gehiagorik. Hurrengo urteetarako harrobi polita dator, baina egun, mutilak bilatzeko zailtasuna izan dugu. Eta Iruñetik jokalariak hona ekartzea kosta egiten da. Urruti gelditzen zaiela esaten dute. Iruñean belar artifizialetan entrenatzera ohituta daude, estalpean, eta hemen belarrean edo arean ibili behar dira, Itxesaldeko zelaian, esaterako. Eta nahiago izaten dute Iruñean gelditzea” gaineratu du Goikoetxeak.

Zailtasun gehienak atezainekin izan dituzte. “Andoni del Arbol atezaina lesionatu da, eskafoideetan. Eneko Orriok taldea utzia zuen, lanarekin eta gaizki zebilelako, baina fabore bat egiteagatik taldera itzuli da del Arbol osatu bitartean. Eta ama lakuntzarra duen Santi Domingez da hirugarren atezaina” azaldu digu Goikoetxeak.

Lehia handia
Hortaz, talde berritua da Lagun Artearena. Aurreko urtean bosgarrenak sailkatu ziren lakuntzarrak, eta aurten postu hori hobetzea eta, ahal bada, igoera fasea jokatzeko sailkatzea da helburua. “Baina aurten lehia handia egon behar da, talde oso onak daude, Bidezarra, Aibarés eta Beti Casedano, esaterako. Beti talde onenetako bat izango da. Eta Iruñeko taldeak beti dira onak, jokalari asko dituztelako. Oso liga estua eta borrokatua izango da, baina goian egotea nahiko genuke. Eta igoera fasea jokatzeko sailkatuko bagina, primeran” azpimarratu du Lagun Arteako idazkariak. Goikoetxeak gaineratu duenez, “jokalariak ongi ari dira entrenatzen eta oso animatuta daude”.

Etxarri Aranatz taldearekin harreman ona dute. Derbiaren inguruan galdetuta, bi taldeak parez pare lehiatu zirela azaldu du Goikoetxeak. Lagun Artea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen eta horrek partida baldintzatu zuela azaldu du Goikoetxeak. Bi taldeen kiroltasuna nabarmendu zuen, “hori da inportanteena futbolean, hori da benetako futbola”.

Harrobia
Preferente mailako taldeaz gain, Lagun Arteak kadeteen, haurren eta kimuen taldeak dauzka. “Orain kadeteetan daudenak hurrengo denboraldian jubeniletara pasako dira eta, orduan, preferenterako harrobi oso polita izango dugu, beraiekin eta hurrengo belaunaldiekin” nabarmendu du Goikoetxeak. Sakanan hiru futbol talde egoteko nahikoa jokalaririk ote dagoen galdetuta, Goikoetxeak azaldu du momentu puntualetan taldeak osatzeko arazoak izaten direla. Aitortu digunez, Sakana mailan talde indartsu bat sortzeko elkarrizketak izan dira hemengo kluben artean, baina azkenean taldeak ez direla ados jarri.

Zuzendaritzan aldaketarik ez
Lagun Arteako juntan ez dago aldaketa nabarmenik. Carlos Ruiz de Erentxunek jarraitzen du presidente, Javier Hernandezek presidenteorde, Jesus Mari Goikoetxeak idazkari, Migel Angel Aretaren laguntzarekin, Jose Mari Lanzek diruzain eta Javier Anduezak, Xabi Beteluk, Juan Ignazio Mendietak, Diego Cruzek eta Oscar Maizak bokal. Azken bi hauek delegatuak dira. Jende gaztea juntan sartzea nahiko lukete “guk bizi guztia daramagulako eta jende gaztea behar delako. Ea jendea animatzen den, bestela talde honek ibilbide motza izango du” eta interesatu guztiek ateak zabalik dituztela gaineratu du Goikoetxeak.

Bajak
Guztira 10 baja izan ditu Lagun Arteak. Manuel Plano entrenatzailea Arrotxapeara joan da, eta Bidezarratik datorren Carlos Gomez Puyol da entrenatzaile berria. Bestalde, Jon Goikoetxea, Urko Eizagirre, Ander Torres, Carlos Pascual, Gorka Otxotorena, Samba Diouf, Sergio Muñoz, Omar Ndiaye, Raul Erice eta Ruben Mendieta jokalariek taldea utzi dute eta Andoni Del Arbol, Santi Domingez, Markel Erdozia, Andoni Egurza, Gari Ruiz de Escudero, Ioritz Goñi, Jon Ollo, Kepa Olias, Mikel Galdeano eta Odon Arbeloa dira jokalari berriak.

Lagun Artea 2016-2017
Atezainak: Andoni Del Arbol, Eneko Orrio eta Santi Domingez.
Atzelariak: Andoni Egurza, Aitor Egurza, Jon Ollo, Kepa Olias, Gari Ruiz de Escudero, Carlos García, Ioritz Goñi eta Markel Erdozia.
Erdilariak: Eneko Cruz, Joseba Montoya, Jonathan Davila, Xabi Burillo, Iñaki Berastegi, Dani Ramos, Iñaki Mendieta eta Mikel Galdeano.
Aurrelariak: Asier Salgado, Mikel Beraza, Odon Arbeloa eta Ander Unanua.
Entrenatzailea: Carlos Gomez Puyol.
2. entrenatzailea: Sergio Perez Niño.