Kulturarteko itxes-itxe

Guaixe 2016ko aza. 11a, 08:38

Txingurriyek igandean antolatu Txingukoloreko uneak argazkitan. Irudiak: Txingurriye.

Igandean, 17:00etan, Lakuntzako plazatik abiatuta.

Txingurriye elkarteak uztarri berean jarriko ditu festetan etxez-etxe egiten den erronda eta kulturartekotasuna. Elkarteak lakuntzar guztiak Kulturarteko itxes-itxeko erronda berezira gonbidatu ditu. Igandean, 17:00etan, plazan biltzen diren lakuntzar guztiak hiru taldetan banatuko dira. Talde bakoitzak herriko etxe baterako bidea hartuko du eta han etxe horretako kultura ezagutzeko aukera izanen du. Helburua elkarren ondoan bizi direnek elkar hobe ezagutzea dela gaztigatu dute Txingurriye elkartetik.

Hala, etxe batean Senegalgo jantziak ezagutzeko aukera izanen da, bestean Lakuntzako garai bateko tresneria erakutsiko dute eta hurrengoan Marokoko henna ohituraren berri emanen dute. Horiek guztiak ezagutzeko etxe bakoitzean denbora tarte bat pasako du talde bakoitzak eta hura bukatzean etxez aldatuko dira. Horrela hiru etxeetatik pasa eta hiru kultura ezagutzeko aukera izanen dute erronda berezi horretako parte-hartzaileek. Ibilbidea despeditu ondoren, atzera ere, denak plazan elkartuko dira guztiak, errondakoak eta etxeetakoak. Laugarren etxe batean gaztaina erreak jan eta aitzinako kontuak entzunen dituzte.    



Txingukolore
Txigurriyeko kideak ez dira geldi egotekoak. Joan den igande goizean taldeko kideak barre-terapia saio batean parte hartu zuten. Arratsaldean, berriz, Txingukolore saioa izan zen. Taldeko ama batzuk antolatu zuten saio horretan herriko jatorri desberdinetako haurrek eta familiek parte hartu zuten. Udaletxeko bigarren solairuan elkarrekin mahai jolasetan eta bitxi tailerrean aritu, pastak  eta bestelakoak elkarrekin egin zituzten. Elkarrekin arratsalde pasa ederra izan zuten eta mokadutxoren bat dastatzeko aukera ere izan zuten. Esperientzia arrakastatsua izan dela iritzi diote Txingurriyekoek, 40 haur eta 20 guraso elkartu zirelako. Horregatik Txingukolore hilean behin antolatuko dutela jakinarazi dute.