Kulturarteko itxez-itxe arrakastatsua Lakuntzan

Maider Betelu Ganboa 2016ko aza. 16a, 10:40

Jatorri ezberdinetako etxeetan bisitan izan ziren lakuntzarrak, bakoitzaren ohiturak ezagutu eta elkarren arteko harremana sustatzeko asmoz

Festetan, musika lagun, etxez etxe parrandan ibiltzeari deitzen zaio itxes-itxea Lakuntzan. Bada, Txingurriye taldeak ohiturari buelta eman eta Kulturarteko Itxes-Itxea antolatu zuen igande arratsaldean. Hitzordua arratsaldeko bostetan plazan jarri zuten eta bildutakoak hainbat lakuntzarren etxeetara joan ziren. Jatorri ezberdinetakoak ziren lakuntzar hauek. Lehenik eta behin, Magrebeko kulturaren xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten, Marokoar jatorriko familia baten etxea bisitatu eta gero. Euren jantziak ikusi, ohituretaz galdetu eta euren te eta gozogintza paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten lakuntzarrek.

Ondoren, Kaporratz etxera jo zuten. Kaporratz etxeko bajerak modelo desfile baten itxura hartu zuen, alfonbra gorria eta guzti. Senegaldar familia batek euren jantzi koloretsuak erakutsi zizkien bildutakoei, modelo desfile baten bidez. Hainbat lakuntzarrek egin zituzten modelo lanak. Bitartean, senegaldarrek euren jantzien eta ohituren azalpenak eman zituzten.

Hurrengo geltokia Migel Angel Aretaren etxea izan zen. Lakuntzar honek mota guztietako antzineko objektuak bildu eta konpontzen ditu, eta hauen bilduma egiten du. Itxes-itxean bildutakoek gure ohitura zaharren berri izan zuten, Aretak ilusio guztiarekin biltzen dituen objektuen azalpenak eman baitzituen.

Azkenik, Lucas Anduezaren etxean Lakuntzako lehengo ohiturak gogoratu zituzten. Industralizazioa Lakuntzara iristerakoan herria zenbat aldatu zen gogora ekarri zuen Anduezak eta Sakanako historian sakondu zuen, lakuntzarron izaera irekia aipatuz. Bukatzeko, gaztain erreak dastatu zituzten bildutakoek eta kantuan eta guzti aritu ziren.

"Ekimenaren balorazioa oso positiboa da. Aurten ziurrenik beste itxes-itxeren bat eginen dugula pentsatzen dut, Lakuntzako beste etxe eta kontu ezberdinak ezagutzeko" adierazi digu Txingurriye taldeko Izaskun Anduezak.