Memoria freskatzeko

Guaixe 2016ko abe. 23a, 15:07

Lakuntzarrek erantzun ona eman zioten herriko historia-memoriarekin antolatuta zegoen hitzorduari. Harreraren ondoren aktore batek garai haietan bizi izan zituztenak antzeztu zituen, off-eko ahots baten eta bi gitarra-joleren musikaren laguntzaz. Segituan, 1936ko estatu kolpeak Lakuntzan izan zituen ondorioak errepasatu zituzten. Kultur etxean ikusgai zeuden margolanen egile Jose Ramon Urtasun Rekaldek bere lanen bidez garai hartako giroa nolakoa zen aipatu zuen, bere lanak sortzeko ordukoa bizi izandako jendearen lekukotzetan oinarritu baitzen. Larunbateko saioa omenaldi txiki batekin bukatu zen: errepresioa pairatu zuten lakuntzar guztien izenean 1936an fusilatutako Lazaro Etxeberria Lazkarairen familiari lore sorta eman zieten. Aurretik aurreskua dantzatu zuen dantzari bikote batek.

Estatu kolpeak ekarri zuena
Kolpetik hiru egunera udalbatza eta Gregorio Burillo basozaina kargugabetu zituzten. Lau hilabetera Felix Tirapu idazkaria, abertzalea eta batzokiaren sortzailea izateagatik. Kolpearen aurreneko egunetan Errejimenarekin bat ez zetozen liburuak eta materialak suntsitu zituzten. Eskola ere miatu zuten, zenbait liburu eramanez. Carlos Rodriguez Perez irakaslea kargugabetu zuten. Gainontzekoetan bezala Lakuntzan ere Frente Popularreko eta EAJko kideen izeneko zerrenda beltzak sortu ziren.

Blas de Alegria apaiz eta idazleak errepresioaren beldur ezkutu behar izan zuen, eta haren familiak hura babesteko material ugari suntsitu behar izan zuen.  Miaketa bat baino gehiago jasan behar izan zituzten hala ere. Getariako familiari emandako materialez betetako zakuak ere, beldurragatik itsasoan bukatu zuen.

Francisca eta Joakinen semea zen Lazaro Alegria Lazkarai, 1898ko abenduaren 17an jaioa. Estatu kolpearen ondoren zenbait egunez estalita egon ondoren, 1938ko garilaren 28an atxilotu zuten Alegria eta Oskiako txipudi batean fusilatu zuten, 3 arbizuar eta bakaikuar eta altsasuar banarekin batera. CNTko kidea, Alegrik 37 urte zituen, zurgina, Larrazkin bordan zuen borda. Gizon kultua, liburutegi interesgarria zuen. Hil eta gero haren familia jazarria izan zen eta aurrea egiteko larri ibili ziren.