Nafarroako erregeek emandako “pribilegioetan, epaietan eta hitzarmenetan” oinarritutako eskubideak dira Aralarko Elkarteak Aralar mendian dituenak. Egurra, larreak, ehiza edo turismo erabilerak eta aprobetxamenduak arautuak ditu. Aralarko Elkartearen xedea da Aralar mendiko ondasun komunak zaintzea eta kudeatzea da, beti ere, ordenantza eta araudi propioei jarraituz (aurreneko ordenantza 1770-06-27koa da, azkena 2012-0514koa). Ondasun horiek elkartea osatzen duen 19 herrietako biztanleek aprobetxatu ditzakete bakarrik.
Espainiak Aralarren jabetzaren titulartasuna Nafarroako Gobernuari 1987an eman zion. Baina Aralar Elkarteak bere eskubideak ditu mendian. Elkarteak beste administrazioen eskubide urraketak epaitegietan defendatu behar izan ditu Erdi Arotik 2002ra arte. Baita lortu ere. Horregatik, elkartekoek mendiaren titulartasun osoa bere esku uztea proposatu du: “hori litzateke modurik onena Aralar mendiko gozamenarekin lotutako edozein eragozpen eta auzi ekiditeko”. Bardeako Komunitatearen titulartasun osoaren adibidea jarri du ere.
Nafarroako Parlamentuaren Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Batzordean egin zuten eskaera elkarteko presidente Patxi Xabier Razkin Sagastibeltzak eta idazkari Migel Estanga Oterminek. Gobernua babesten duten lau indarrek gonbidatuta eman zituzten azalpenak. Razkinek azaldu digunez, ondorengoa “balorazio positiboa da. Gobernua babesten duten indarrek ongi hartu dute eskaera eta gainontzekoek aztertu beharra dagoela esan eta txostenak eskatu dituzte”. Razkinek azaldu duenez, titulartasun osoarena legegintzaldi honetan itxi nahiko lukete.
Guardetxe berria
Guardetxea zena 1901ean eraiki zuten. 1998Ko lastailaren 30ean Aralarko Elkarteak eraikina erabilera anitzetarako berritzea erabaki zuen, egitekoa zen mendiko planaren barruan sartuko zena. Hurrengo 10 urteetan Nafarroako Gobernuarekin egindako bileretan Guardetxearen gaia mahai gainean egon zen.
Gerora, bisitariak hartzeko gune eta beste funtzio batzuetarako eraikin gisa erabiltzea erabaki zuen elkarteak, 2008ko apirilaren 18an. Ordurako Guardetxea osatzen zuten bost eraikinak nahikoa hondatuak zeuden. Hala ere, mendiko bisitari guztiendako eta Aralar mendiko langile guztiendako erreferentzia puntua zen. Horregatik, babes zentro moduan birmoldatzea onartu zuten, zeuden eraikinak aprobetxatzea proposatuz. Honakoak lituzke Guardetxe berriak: ostatua, eraikinaren kargu daudenendako etxebizitza, heziketa gelak (naturaren interpretaziorako bereziki), bilera eta lan aretoak (ikastaroetarako), erakusketa gela, tokiko produktuen salmentarako gunea eta Aralarko Elkartearen eta Nafarroako Gobernuaren zaintza bulegoak. Proiektua egin zuten ere.
Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilean eraikinak bota zituen. Aralarko 213 zuhaitzen egurraren kontura eraikin berria jasoko zuela hitz eman zuen. Ez zen halakorik izan. Biana Guardetxe berriaren eskaerak gobernuaren mahai gainean segitzen du, “zeinak, besteak beste, ibarren turismo-garapenaren alternatiba erreal bat artikulatuko lukeen”. Foruzaingoaren kalkuluen arabera urtero 100.000 bat bisitari izaten ditu Aralarrek, “baina turismoak herriei ez die onurarik ekartzen”. Razkinek turismo kudeaketa jasangarriaren aldeko apustua egin zuen. Eta Guardetxe berria funtsezko gune dinamizatzailea litzatekeela gaineratu zuen.
19 herrik osatutako elkartea
Araitz aldeko: Arribe, Atallu, Azkarate, Betelu, Errazkin, Gaintza, Intza eta Uztegi. Eta Sakanako: Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Lizarragabengoa eta Etxarri Aranatz. Elkartearen presidentea Lakuntzako alkatea da beti eta, egoitza, Lakuntzako udaletxea. Elkarteak San Juan egunaren aurreko asteburuan ospatzen zuen bere eguna, Albiko zelai ondoan, Kapatar iturri ondoan. 10-15 bat urte dira ez dela ospatzen.
Datuak
21.957 km2 Aralar mendiak
10,35 km2 larreak
Liburua
Aralar mendiko dokumentu eta ordenantzen liburua. Izenburu hori du Aralarko Elkarteak udazkenean argitaratutako liburua. 4.000 ale inguru argitaratu dira eta elkarteko herri guztietako biztanleen artean banatu da, dohainik. Etxarri Aranatzen nahi duenak udaletxetik pasa behar du, baina gainontzeko herri guztietan etxez etxe banatu dute.
Liburuan Aralar herrien kokapena, historia-eskubideei buruzko, Kontserbazio Bereziko Eremuaren legea, ganaduzaleekin egindako hitzarmena eta mendien erabilera arautzen duten hainbat ordenantza daude jasota (orokorra, ohiturazko onurak, txabolen kontzesioak, pistetan ibiltzeko araudia eta auzolana). Horrekin batera, Francisco Sanchez Anso lizentziatuak elkarteko agiri guztiak jasoz 1869an Tuteran argitaratutako Aralarko Elkartearen liburuaren erreprodukzioa jasotzen da. Liburu haren kopia bat Jose Mari Satrustegiren artxiboan zegoen gordea. Hura digitalizatu eta liburuan jaso da, baita haren euskarazko bertsioa ere.