Lakuntzako Udalak argindarraren faktura murrizteko argiteria publikoa berritzen hasi da. Behin puntu guztiak aldatuta fakturan %85eko murrizpena izatea aurreikusi du udalak. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu digunez, Leycolan SAL enpresak herriko zeharbideko (Mikel Arregi eta Uriz kaleak) eta Alde Zaharreko (Larraina, Larrañeta, Abarrategi eta Herriko Plazako kaleak) 100 bat argi puntutako bonbillak kendu eta led-engatik aldatu dituzte. Lanak azaro akaberan hasi eta urteko azken astean despeditu zituzten. Enpresak lanengatik 45.000 euro jaso zuen.
Razkinek esan digunez, herri guztiko argiteria publikoa led teknologiarekin jartzeko asmoa dute. Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsio Planeko diru-laguntza deialdira lan horiek aurkezteko asmoa dute. “Gobernuak %60ko diru-laguntza emanen baligu lan guztia kolpean eginen genuke. Bestela, urtero argiteria publikoaren laurdena aldatuko genuke”.