Lakuntzako San Saastinei agur

Guaixe 2017ko urt. 23a, 12:49

Primerako giroa izan da Lakuntzako festetan

Ostegun gauean, San Saastin bezperan hasi eta atzo, igandearekin, despeditu ziren Sakanako urteko lehendabiziko jaiak, San Saastinak. Ostirala izan zen festetako egun handia. Goizean lakuntzarrak erromerian joan ziren ermitara eta auzate ederra prestatu zuen Lakuntzako Pertza elkarteak. Jakina, bezperan danborradan Ohorezko Txanoajantzi zuen Sabino Navarro gozogileak prestatutako piperropilak dastatzeko aukera izan zen. Arratsaldean danborrada txikiaren txanda izan zen eta ondoren hasi zen Elai Alai dantza taldearen emanaldia. Segidan aurtengo Lakuntzako kintoek Alkate Dantza dantzatu zioten alkate eta zinegotziei. Aipatzekoa da aurtengo piperropil txapelketa Lourdes eta Rosario Soto ahizpek irabazi zutela, bosgarrenez. Larunbatean erraldoi eta buruhandiak atera ziren eta gaitari eta musikariei esker primerako giroa izan zen Lakuntzako kale, taberna eta txokoetan. Atzo despeditu ziren festak, haurrendako puzgarri eta bestelakoekin.