Lakuntzako Udala, La Banda del jefe Bigun taldea eta Hatortxu Rock izan dira lehiaketa antolatu dutenak. Ibarrean popa edo rocka jotzen duten musika taldeak sustatu asmoz antolatu dute Sakanako pop-rock lehiaketaren estreinako edizioa. Taldeko kide guztiak edo %80 baino gehiago sakandarrak dituzten taldeak aurkeztu daitezke lehiaketara. Ezin izanen dute diskoetxe batekin kontraturik indarrean izan. Baina autofinantzatutako diskoak argitaratu dituztenak aurkezteko aukera izanen dute. Talde bakoitza izen bakarrarekin aurkeztu daiteke, nahiz eta taldekideren bat beste talderen batean jo dezakeen.
Izena ematen duten talde guztiek apirila eta maiatza bitartean jokatuko den kanporaketa fase batean ariko dira. Antolakuntzak zehaztutako datetan bizpahiru taldez osatutako emanaldiak izanen dira Lakuntzako kultur etxean, 19:30ean hasita. Talde bakoitzak 15 eta 25 minutu arteko emanaldia eskaintzeko aukera izanen du. Hiru talde onenak bukaera fasera pasako dira eta azken emanaldi batean erabakiko diru lehiaketako hiru sariak.
Antolakuntzak aukeratuko du epaimahaia. Emanaldietako publikoak kanporaketa fasean sari berezirako botoa emateko aukera izanen du. Azken fasean, hiru sarietarako. Boto horiek epaimahaikide baten balio bera izanen dute. Lehiaketako emanaldi guztietako prezioa bi eurokoa izanen da. Sarreretan lortutako diru guztia sarietara bideratuko du antolakuntzak.
Baldintza gehiago
Musika taldeek, gutxienez, euren lau kanta aurkeztu beharko dituzte. Emanaldiaren gainontzeko tartea bertsioekin osatu dezakete. Abesti guztiak egile edo konpositoreen onarpenarekin eta baimenaren egiaztapen agiriarekin batera aurkeztu beharko dira. Bestela, salaketarik balego taldea izanen litzateke arduradun bakarra. Talde irabazlea deseginen balitz edo taldekideen funtsezko aldaketak baleude saria bigarren sailkatuari emanen lioke antolakuntzak. Oinarri guztiak www.lakuntza.eus web orrian daude.
Sariak
1. Diskoa grabatzeko 40 orduko grabaketa antolakuntzak aukeratutako musika-estudio batean. Master-kopia edo nahasketa, taldearen kontura.
2. Abesti baten produkzioa eta grabaketa egiteko 8 orduko jardunaldia musika-estudio batean, ekoizle profesionalarekin.
SARI BEREZIA: Hatortxu Rock 20n kontzertua ematea.