Lakuntzak garilaren 27tik 30era hartuko duen musika jaialdi erraldoiko kartela zehazten segitzen du antolakuntzak. Atzo 30 parte-hartzaile berrien izenak jakinarazi zituen: Green Valley, Amparanoia, Bad Sound, Strombers, Non Servium, Zopilotes Txirriaos, Hesian, Lendakaris Muertos, Txuma Flamariqye & The Zaratamakers, Dakidarría, Riot Propaganda, Hibakusha, Auxili, Akerbeltz, El Diluvi, Revolta Permanent, The Guilty Brigade, Zea Mays, Tximeleta, Elepunto Vs Jotatxo, Occhi di Farfalla, Oreka Tx, Txarango, The Icer Company, Izerdi Gorria, Def con Dos, Leihotikan, Raperos de Emaus & The Titanians, Lurra eta Zoo. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik talde asko falta dira kartela osatzeko eta hurrengo asteetan konfirmazio berriak iragarriko dituztela aurreratu dute.
Aurretik jakinarazi zuten beste talde hauek ere ariko direla Lakuntzan: Talco, Kop, Tremenda Jauria, Estricalla, Soziedad Alcoholika, Kaotiko, Lagrimas De Sangre, Iseo & Dodosound, Huntza, Kaos Urbano, Narco, Anestesia, Glaukoma eta Skakeitan. Gainera, Hatortxurock 20n urteko kontzertu bakarra emateko elkartuko diren taldeak ere izanen dira: Des-kontrol, Kerobia, Bizardunak, Ekon, Inadaptats eta Ehun Kilo.
Lanean
Antolatzaileek azaldu dutenez, “urtero egiten dugu benetako ahalegin bat oholtza gainean soilik bertan ikusiko den zerbait eskaintzeko”. Aurten ahalegin hori aurten “biderkatu” dutela gaineratu dute. “Unea da errepresaliatu politikoen egoera behingoz errotik hartu eta konpontzeko, eta horretarako benetako zita berezia antolatzea ezinbesteko ikusi dugu”.
Jakinarazi dutenez, elkartasun jaialdiak “posible egiten duten lau hankak martxan dira aspalditik. Jende asko dabil antolakuntzan. Asko dira sarrerak erosten ari direnak. Asko ere txanda egiteko izen ematen ari diren boluntarioak. Eta kartela ere osatzen doa”. Antolatzaileen asmoa da “kartel potentea eta gustu anitzetarako prestatutakoa igo nahi dugu oholtzara”. Bestetik, eskerrak eman dizkiete “jaialdi honen parte izateko gurekin kontaktuan jarri diren talde guzti horiei”.
Hatortxu Rock-eko antolatzaileek 20. ediziora iristea ospatzekoa ez dela esan dute: “euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan dezakegu. Ia 350 euskal herritar daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak”. Denak etxean izan arte lanean segituko dutela gaztigatu dute.
Jaialdiaren helburuak zein diren ere gogorarazi dituzte antolatzaileek: euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoera salatu eta ahal den neurrian, euren senideek dispertsioaren bitartez pairatzen duten zigor erantsi hori leuntzea. Azaldu dutenez, “Hatortxu Rock 20 musika jaialdi bat baino askoz gehiago izanen da eta euskal gizarte guztiari dei egin nahi diogu garileko azken asteburuan Lakuntzan antolatuko dugun jaialdi erraldoian parte hartzeko”. Txori askeen unea heldu da leloa gogoan hartuz, antolatzaileek adierazi dutenez, “bada garaia gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea. Egun horrek ez du etorkizuneko egun bat izan behar, egun horrek gaur izan behar du”.
Sarrerak
www.hatortxurock.eus webgunean eros daitezke sarrera. Egungo promozioa baliatuta 60 euroren truke lau egunetako bonoa eros daiteke, kanpina barne dagoelarik.