Sakanako pop-rock lehiaketan 11 taldek eman dute izena

Guaixe 2017ko mar. 1a, 13:25

Kontzertu bat Irurtzungo gazte elkartean. Argazkia: Larrazpi.

Popa edo rocka lantzen duten 11 talde sakandarrek eman dute izena Lakuntzako Udalak, La Banda del jefe Bigun taldeak eta Hatortxu Rockek antolatutako lehiaketan. Guztiek ere antolakuntzak zehaztutako datetan euren musika sorkuntza jendaurrean defendatu beharko dute. Zuzeneko horiek apirila eta maiatza bitartean izanen dira, Lakuntzako kultur etxean, 19:30ean hasita. Talde bakoitzak 15 eta 25 minutu arteko musika-laginak uzteko aukera izanen du. Gutxienez eurenak diren lau kantu izan beharko dira, gainontzekoak bertsioak izan litezke.

Hiru talde onenak akabera fasera pasako dira eta azken jaialdian erabakiko dira lehiaketako hiru sariak. Kanporaketa fasean kontzertuetara joaten den jendeak sari berezirako botoa emateko aukera izanen du. Boto horiek epaimahaikide baten balio bera izanen dute. Epaimahaia antolakuntzak aukeratuko du.

Parte-hartzaileak
Taldea Herria
Shokdown Irurtzun, Lakuntza Etxarri Aranatz
SLD Arbizu, Altsasu
Embajada Arruazu, Lakuntza
Brutal Room Etxarri Aranatz, Olatzagutia
Atzapa Rock Arbizu, Altsasu eta Olatzagutia
Unnamables Altsasu
Alerta Gorria Arbizu, Olatzagutia
Dentera Urdiain, Altsasu
KasKataKo Iturmendi, Urdiain, Altsasu
Zintz Iturmendi
Garabatos Etxarri Aranatz, Urdiain, Altsasu


Sariak

1. Diskoa grabatzeko 40 orduko grabaketa antolakuntzak aukeratutako musika-estudio batean. Master-kopia edo nahasketa, taldearen kontura.

2. Abesti baten produkzioa eta grabaketa egiteko 8 orduko jardunaldia musika-estudio batean, ekoizle profesionalarekin.

SARI BEREZIA: Hatortxu Rock 20n kontzertua ematea.