Hatortxu Rock-en guztira 85 talde ariko dira

Guaixe 2017ko mar. 21a, 14:41

Lakuntzan garilaren 27aren eta 31aren artean izanen den elkartasun jaialdiko musikarien azken zerrenda ezagutzera eman du antolakuntzak 34 talde berriren izenak ezagutzera emanez. Kartela osatuta dago, guztira 84 talde dira. Horiei Sakanako Pop-Rock Lehiaketan sari berezia eskuratzen duen taldea gehitu beharko zaio. 85 eskaintzako musika menua lau egunerako. Baita Porrotx pailazoa ere.

Antolakuntzak jakinarazi dituen izen berriak honakoak dira: Esne Beltza, Berri Txarrak, Jo & Swiss Knife, Arkada Social, Vendetta, Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band, Doctor Deseo, Sara Hebe, Bultz, Itaca Band, Willis Drummond, Sorkun, Anari, Skontra, Ken Zazpi, Gatillazo, Su ta Gar, Zartako-K, Enkore, Dj Reimy, El Sonido de la Metralla, Reviverb Live, Trikidantz, Mafalda, Gatibu, Gozategi, Liher, Porrotx, Porco Bravo, Juantxo Skalari & La Rude Band eta Dremen. Aipatzekoak dira Arrasateko Governors eta Aragoiko El Corazon del Sapo taldeen itzulerak. Hatortxu Rock-en emanaldi bakarra emanen dutenen zerrendara Betagarri talde gasteiztarra gehituko da, Obrint Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Gironesekin batera ariko dena bi taldeen kantak eskainiz.

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdia da Hatortxu Rock eta garilekoa 20. edizioa izanen da. Haien guztien etxeratzea eskatuko dute garileko azken asteburuan. Hura antolatu ahal izateko boluntario ugari ari dira lanean, baita  lan txandetarako izena ematen ere.

Sarrerak
Dagoeneko salgai daude Interneten. Lau eguneko bonoa 70 euroren truke eskuratu daiteke, kanpina barne.