Lakuntzako kultur etxea beteta zegoela, Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdietan bigarrena ospatu zen igandean. Oholtzatik Iruñeko Sanduzelai auzoko bi talde, Lakuntzako beste sei eta herriko bikote bat aritu ziren. Makina bat estilotako euskarazko kantu ezagunen bertsioak abestu zituzten. Lakuntzako txikien lau taldeak eta Sanduzelaiko batek karaoke modura aritu ziren eta, gainontzekoak, zuzeneko musika lagunduta. Talde bat zuhaitz batzuen laguntzaz atera zen oholtzara, kolorezko jantziekin besteak. Jaialdi animatuaren ondoren guztiek diploma eta goxoki bana jaso zuten.
Saio ederra izan zen. Eta hala izatea espero da hurrengo bi jaialdiak, Lesakan larunbatean eta Burlatan apirilaren 1ean. Guztia despeditzeko jaialdi nagusia Tafallan ospatuko da, apirilaren 29an.