Igandean aurkeztu zuten 20. Hatortxu Rock jaialdia. Lakuntzan izanen da, uztailaren 27tik 30era bitartean. Antolatzaileek igandean Lakuntzako kultur etxean nabarmendu zutenez, “dispertsioak oraindik dirau, inoiz baino bortitzago, eta, horregatik, inoiz baino gehiago beharrezkoa da Hatortxu jaialdia egitea. Euskal Herrian elkartasun jaialdirik handiena antolatu behar dugu eta denon artean denak etxera ekarri behar ditugu”.
Hatortxu Rocka egiten jarraitzeko arrazoiak, “erraldoiak”
Antolatzaileek adierazi zutenez, duela 18 urte jaio zen Hatortxu Rock, bi helburu nagusirekin: presoen sakabanaketa politikak sortzen zituen gastu ekonomikoak arintzeko elkartasun ekonomikoa sustatzeko, bildutako dirua presoen senitartekoei emateko, eta, aldi berean, presoen gaia mahai gainean jartzeko, euskal presoen egoeraren bozgorailu izateko. “20. edizioa izango da aurtengoa. Jaialdia egiteko arrazoiak desagertu dira? Ez. Dispertsioak dirau, inoiz baino bortitzago, eta senitartekoek euren senide presoak ikusi ahal izateko egin beharreko kilometroeak, istripuen arriskua, milioi askotako gastuak… hortxe diraute. Gai honek konponketa behar du, ahalik eta lasterren. Eta Hatortxu Rockek bere ekarpena egiten jarraitu nahi du. Horregatik, antolatzaileok ez dugu zalantzarik. Zoritxarrez, erraldoiak dira jaialdiak egiteko arrazoiak eta egin dezagun Hatortxu erraldoia, guztion artean” nabarmendu zuen Hatortxu Rockeko antolakuntzaren izenean Anabel Arraiza senide lakuntzarrak. Ekitaldia burutzen ari zenean, preso baten senitartekoek Murtzian istripua izan zutela jakin izan zen eta horrek “lanean jarraitzeko arrazoi gehiago” ematen zituela nabarmendu zuten.
Duela 8 urte ere Lakuntzak Hatortxu Rock hartu zuen eta aurtengo 20. edizioko jaialdi berezia Lakuntzan berriro egiteko zalantzarik ez zuen izan antolakuntzak. “Zergatik Lakuntzan? Duela 8 urte Hatortxu Lakuntzan antolatu zenean herriaren erantzuna ikusgarria izan zelako. 20. edizioaren antolakuntzarekin hasi ginenean lehen aukera Lakuntza izan zen; oso argi genuen. Pozik gaude herriaren erantzunarekin. Eskertuta. Badakigu holako jaialdi batek arazoak sortuko dituela herrian, milaka pertsona gerturatuko direlako, baina lakuntzarrak dagoeneko hasi dira sortutako batzordeetan antolatzen eta lan taldeetan parte hartzen eta kontentu gaude” nabarmendu zuten antolatzaileek.
Auzolan erraldoia
Hatortxu 20 antolatzea “erronka handia” izango dela azpimarratu zuten. “Helburua denak behingoz eta betiko etxera ekartzea da. Herri honen altxor nagusienetakoa auzolana da, eta horrela aterako da aurrera ere, 20. Hatortxu Rocka. Erronka erraldoi bat da, baina zuekin batera aurrera aterako dugu. Horrela, herri honetan, auzolanaren bidez, Euskal Herrian inoiz egin den elkartasun jaialdirik erraldoiena antolatuko dugu. Ilusio eta indarrez beteta gaude erronka handi honen aurrean. Baina ongi ateratzeko denon konpromisoa ezinbestekoa izango da. Hau errepikaezina izango da, denok egin dezagun ekarpena, historikoa izango da, eta behingoz azkena izan dadila!”
85 talde
Hatortxu Rockek kartela aurkeztu du dagoeneko. Iragarrita dauden 84 talde igoko dira oholtzara, Lakuntzako Udalak, La Banda del Jefe Bigun eta Hatortxu Rockek antolatutako Sakanako pop-rock lehiaketa irabazten duen taldeaz gain; hortaz, 85 talde guztira.
Beriain gunean izango dira ia kontzertu gehienak, Lakuntzan burutu zen aurreko edizioko gune nagusia izan zen tokian. “Gune hori ikusgarria da. Ondoan kanpalekua egongo da, zerbitzuak, dutxak eta aparkalekua. Bestalde, herriko gunean, plazako eszenatokia egongo da. Txoznak, jaten emateko tokia eta sukaldea eta beste hainbat zerbitzu egongo dira” aipatu zuten Hatortxu Rockeko arduradunek. Herriaren esfortzuari erantzuna eman eta eskerrak emateko, herrian bertan izanen dira kontzertu garrantzitsuenetako batzuk.
Baina kontzertu giroaz aparte, lau egun horietan ere presoen inguruko programa politiko bat lotu nahi du antolakuntzak. “Hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak lotzen joango gara. Puntako taldeak, puntako kontzertuak, hitzaldiak… zerbait bakarra eta errepikaezina izango da. Garaia da dispertsioarekin amaitzeko, iheslari eta deportatuak etxean egoteko. Eta horregatik zerbait handia egin nahi genuen. Elkartasun jaialdirik handiena antolatu behar dugu Euskal Herrian eta denon artean denak etxera ekarri behar ditugu. Hatortxu Rock tontor bat izan dadila lasterketa honetan. Bonoa erosten, muntaian laguntzen, txandak egiten... denok zerbait eman dezagun. Txori askeen unea heldu da. Hatortxu ezinbestekoa da eta zuek gabe ezinezkoa izango da. Hautsi ditzagun kateak denok batera, hator hator neska-mutik etxera!!!” hitzekin eskertu zuten Lakuntzako kultur etxean bildutakoen presentzia.
Kontzertu erraldoien aurrekari moduan, aurkezpenari Olatz Salvador kantariak eta Xabi Solano eta Maiza & DZ-k jarri zioten doinua. Eta Jabier Estebanek, bakarrizketa zoragarri batekin dispertsioa zer den azaldu zuen.
Hatortxu Rocken aurkezpen bira
Hatortxu Rockek aurkezpen bira egingo dute heldu diren hilabeteetan. Zehazki, apirilaren 14an Berlinen, apirilaren 16an Gernikan, apirilaren 22an Gasteizen, apirilaren 22an Senperen, apirilaren 23an Zumaian, apirilaren 29an Iruñean, apirilaren 29an Donapaleun, maiatzaren 5ean Tolosan, maiatzaren 5ean Bilbon, maiatzaren 13an Manresan, maiatzaren 13an Elorrion, maiatzaren 14an Iruñean, maiatzaren 19an Agurainen, maiatzaren 19an Madrilen eta ekainaren 10ean Parisen aurkeztuko dute.
www.hatortxurock.eus
Jaialdiko informazio guztia.