Dagoeneko martxan da Sakanako pop-rock txapelketaren lehen edizioa. Lehiaketa hau ibarrean pop eta rock doinuak jorratzen dituzten taldeak sustatzeko antolatu dute Lakuntzako Udalak, La Banda del Jefe Bigun taldeak eta Hatortxu Rockek, eta abian da iragan larunbataz geroztik. Garabatos, Dentera eta Kaskatako aritu ziren kanporaketa faseko lehen saioan, eta antolakuntzako Aitor Gartziaren esanetan, “maila oso altuko” kontzertuak eskaini zituzten. Puntuaziorik altuena Garabatosek lortu zuen (75), Denteraren (68) eta Kaskatakoren (59) aurretik. “Puntuazioak oso berdinduta gelditu dira. Oraindik airean dago dena, hurrengo bi saioen ondoren jakingo baita nortzuk diren hiru finalistak”, azaldu du Gartziak.
Gauzak hala, ostiralean Atzapar Rock, Unnanables, Zintz eta Embajada taldeen txanda izanen da, kanporaketetako bigarren saioan. Bertan, lehen saioan bezala, entzuleek estilo ezberdinez gozatzeko aukera izango dute. Atzapar Rock Ander Goikoetxeak (bateria), Aitzol Gaintzarainek (tronpeta), Ekhi Erauskinek (gitarra), Sarabe Begiristainek (abeslaria) eta Asier Solisek (gitarra) osatzen dute, eta hainbat abesti propio ditu; kasurako, Segi aurrera, Dena da aldrebesa edota Atzapar Rock. Innanablesi dagokionez, hau 2015ean sortu zuten Mark Wallerrek (gitarra eta baxua), Kike Arregik (gitarra) eta Mario Da Silvak (bateria), eta geroztik Gypsy Lover, Jueves edota Mariposas bezalako abestiak sortu dituzte. Beren errepertorioan folka, bluesa eta rocka da nagusi.
Bestalde, Embajada 2016ko uztailean sortu zen, Igor Maizaren (baxua), Mikel Floresen (gitarra), Fernando Jimenezen (bateria) eta Ibai Lanzen (gitarra eta ahotsa) eskutik. Ordutik hainbat abesti propio ekoiztu dituzte, hala nola, Perdido, The Sekta, eta No aguanto. Zintzek, bere aldetik, rock, punk eta hardcore estiloak uztartzen ditu gehienbat. Taldea Iturmendiko lau lagunek osatu zuten iazko urtarrilean: Javier Berazak (baxua), Jose Luis Muñoak (gitarra), Txema Nuñezek (ahotsa) eta Asier Lantzek (bateria). Beren abestien artean daude Sua!, Gezur saltzaileak eta Ez zaitezte lasai bizi.
Hirugarren saioa, larunbatean
Behin lau talde horiek beren talentuaren berri eman ostean, larunbatean Alerta Gorria, SLD, Brutal Room eta Shockdown arituko dira aurrez aurre, kanporaketa faseko hirugarren eta azken saioan. Taldeen osaerari eta ezaugarriei erreparatuz, Alerta Gorria Arbizuko Punk Oi! talde bat da, eta Joanes Satrustegik (bateria), Asier Reparazek (ahotsa), Ander Garciak (gitarra), Jon Iriartek (baxua) eta Urtzi Markinezek (gitarra) osatzen dute. 2009an sortu zuten, eta ordutik makina bat abesti sortu dituzte: Piztia basoan, Batera, Etxera… SLDk, bere aldetik, lau kide ditu: Mikel Garcia (ahotsa), Erik Andueza (gitarra), Javier Santano (bateria) eta Javier Zelaia (baxua). Beren abesti propioen artean daude Geurea, Etsai eta Haizeak narama.
Shokdowni dagokionez, honek batik bat metala jorratzen du. Alvaro Solanok (gitarra), Ander Urkijok (baxua), David Alonsok (ahotsa) eta Fernando Jimenezek (bateria) osatzen dute, eta, besteren artean, Medicina, Paso en falso eta Sin respuesta abestiak sortu dituzte orain arte. Brutal Room ere lau kidek osatzen dute: Hanot Gardek (gitarra), Endika Jakak (bateria), Jokin Artiedak (ahotsa) eta Urtzi Azkargortak (baxua). Berriki sortutako taldea da, baina jada baditu hainbat abesti propio, esaterako, Hotzikarak, X, edota Cervecine man.