Pop-Rock lehiaketaren finala jokatuko da bihar

Guaixe 2017ko mai. 5a, 09:41

Larunbatean, 19:30ean, Lakuntzako kultur etxean Garabatos, Embajada eta Alerta Gorria.

Euren musikaren defentsa egokia Lakuntzako kultur etxeko oholtzan egoki egin dute lehiaketan izena eman duten 11 taldeetatik 10ek, bestelako arazoengatik batek, SLDk, ezin izan baitzuen parte hartu. Epaimahaiak bere puntuazioa jakinarazi du eta horrekin batera hiru finalistak ere.

Sailkapena
Taldea Puntuak
Embajada 79
Garabatos 75
Alerta Gorria 72
Shock Down 68
Dentera 68
Brutal Room 64
Innanables 62
Kaskatako 59
Atzaparock 56
Zintz 42

Finalistak
Alerta Gorria 2009tik punk-oi!  Doinuak lantzen dituen talde arbizuarra. da. Boskotea honakoek osatzen dute: Joanes Satrustegi Olasagarrek (bateria), Asier Reparaz Marroyok (ahotsa), Ander Garcia Razkinek (gitarra), Jon Iriarte Unzillak (baxua) eta Urtzi Markinezek (gitarra) osatzen dute. Taldearen izen bereko diskoa argitaratu zuten 2013an. Piztia basoan diskoa, berriz, 2015ekoa da. Makina bat kontzertu eman dituzte zortzi urte hauetan Euskal Herrian barna.

Garabatos duela bi urte sortu zen. Mikel Manero Arguelles (bateria) eta Gaizka Ocaña Goikoetxea (gitarra) aurretik talde berean egonak ziren. Iñaki Gasko Claverrekin (gitarra) topo egin zuten. Hirurek blues, rock and rolla eta hard-rocka maite dute. Hirukoa, hasieran, noizbehinka ostiraletan elkartezn zen. Ongi moldatzen zirela ikusita serio hartu eta taldea sortzea erabaki zuten. Abeslari premia zutela pentsatuta, hirukoak Irati Lasa Unziti (ahotsa) gonbidatu zuen. Taldea  Asier Palomino Cidekin (baxua) osatua gelditu zen. Azken hori ere Manerorekin eta Ocañarekin aurretik beste talde batean aritua zen. Boskotea osatuta, kontzertuak ematen hasi zen Garabatos, beste taldeen bertsioak joz, esaterako: AC/DC, Guns N Roses edota Led Zeppelin.

Embajada joan den urteko garilean sortu zen laukotea, “festetan giro pixka bat jartzeko kontzertua” eman eta gero. Ordutik Igor Maiza Beteluk (baxua), Mikel Flores Ruizek (gitarra), Fernando Jimenez Jimenezek (bateria) eta Ibai Lanz Beteluk (gitarra eta ahotsa) osatzen dute lakuntzarrez osatutako taldea. Taldeak bederatzi hilabete besterik ez baditu ere, taldekideek eskarmentu handia dute pilatua. Maiza, Jimenez eta Lanz Lakntzako musika lokalean, hiltegian 2008an sartu eta The Sekta taldea sortu zuten. Musikarekin aurreneko kontaktu horren ondoren, talde ugaritan ibili dira Jimenez eta Lanz. Haietako batean Kaos Etilikoko abeslari Zigorrekin bat egin zuten.

Sariak
Lehena, disko bat grabatzeko 40 orduko grabaketa.
Bigarrena, estudio batean eta ekoizle profesional batekin abesti baten produkzioa eta grabaketa egiteko zortzi orduko jardunaldia.
Sari berezia Hatortxu Rocken 20. edizioan kontzertua emateko aukera. Azken horren kasuan, publikoaren irizpidea ere aintzat hartuko da irabazlea hautatzerakoan.