Ezohiko cavak dastatzeko festa

Guaixe 2017ko mai. 19a, 09:14

Gaur hasi eta igandea bitartean II. Cava festa ospatuko da.

Eliz dorrearen azpian jarritako karpak hartuko du Cava festaren bigarren edizioa. “Erdigunetik gertuago” jarri nahi izan dute horrela. Handik pasatzen direnek Sant Sadurni d Ánoiako primerako 10 cava dastatzeko aukera izanen dute. Publizitateak hain ezagun egin dituen markak ez dira izanen, baizik eta familia xumeek ekoiztutakoak, izen ona dutenak. Gama ertain eta altuko cavak izanen dira dasta-gai, 2 eta 3 eurotan. Kopa eskuratzeko 2 euro ordaindu beharko da. Edanarekin batera jatekoa izanen da ere. Txomin parrila enpresa arduratuko da haiek prestatzeaz. Menuan parrilan prestatutako bertako produktuak izanen dira, Nafarrak gehienak. Txingurriye elkarteko kideak arduratuko dira zerbitzatzeaz. 

Sant Sadurni d Ánoiako ordezkaritzaren buru Maria Rosell Medall alkatea izanen da. Bera bertan dela baliatuta, eta Lakuntzako Udalaren parte hartzearekin, herriko Gure Esku Dago taldeak ekitaldia antolatu du bihar eguerdirako. Bestalde, bi herrietako dantza taldeak elkarrekin dantza ikuskizuna prestatzen ari dira, hori ere larunbaterako.

Festaren jatorria
2014ko festetan San Sadurni d´Anoiatik correfoc ikuskizuna eskaintzera etorri ziren. Adiskidantza sortu eta lakuntzarrek bisita bueltatu zieten. Kataluniarrek euren produktu izarraren, Cavaren inguruan, Lakuntzan festa antolatzeko proposamena luzatu zieten. Lakuntzako Udalak erronkari heldu zion bi herrien arteko adiskidantza sendotzeko aukera zelako.

Cava eskaintza 

Llopart, 1907, Capdevila Pujol, Varias,  Agusti Torello Mata, Pere Mata, Sumarroca, Vilarnau, Muscándia eta Oliver.

Egitaraua
Maiatzak 19, ostirala
19:30ean Cava gunearen irekiera.
22:00etan Brindis herrikoia.
2:00etan Cava gunearen itxiera.

Maiatzak 20, larunbata
13:30ean Cava gunearen irekiera.
13:30ean Ekitaldia plazan, Katalunia Euskal Herria.
14:30ean Herri bazkaria.
19:00etan Sant Sadurni d´Anoiako eta Lakuntzako dantzarien saioa.
Ondoren, Sant Sadurni d´Anoiako Tabalots batukada taldea.
20:00etan Katalunia eta Euskal Herriaren arteko brindisa.
    Dantzaldia Elebitan taldearekin, karpan.
    Afariak izanen dira.
2:00etan Cava gunearen itxiera.

Maiatzak 21, igandea
11:00etan Cava gunearen irekiera.
18:00etan Cava gunearen itxiera.