Eguraldi bikainaz lagunduta, arrakastatsua izan zen Lakuntzako Udalak igandean antolatutako bertako produktuen azoka. Abarrategi kalean herriko abeltzainen azienda zegoen ikusgai: zaldiak, behiak, ardiak, ahuntzak eta oiloak. Eta plazan eta Mikel Arregi kalean artisauen postuak zeuden ikusgai. Denetarik zegoen, eta gazta, txorizoak, pastelak, eztia, ukenduak… denetatik erosteko aprobetxatu zuten Lakuntzara hurbildutako guztiek. Biltoki atzealdean, bestalde, Joxe Uribetxeberria eta Joxe Floresek, hainbat lakuntzarrekin batera, garai bateko segatze lanak irudikatu zituzten, eta indarrak berreskuratzeko, garai batean bezala, habatxikiak zituzten prest.
Giro ona nagusitu zen Lakuntzan, cava festarekin batera ospatu baitzen azoka. Uxue Barkos Nafarroako presidentea bere senitartekoez lagunduta gerturatu zen Lakuntzara, udalak gonbidatuta. Postu guztiak bisitatu zituen eta jendearen agurrak jaso zituen. Sant Sadurni d`Anoyako alkate eta ordezkariekin batera, gustura topa egin zuten cava festan. Lakuntzako kultur etxea ere bisitatu zuten.