Cava festaren balorazio “oso ona” egin dute

Guaixe 2017ko mai. 22a, 11:42

Aitor Gartzia kultura zinegotziak Cava festaren balorazio “oso ona” egin zuen. “Ostiralean nahikoa jende hurbildu zen. Larunbatean, arratsaldean, jende pila gerturatu zen. Gauean oso giro alaia egon zen”. Sant Sadurniko dantzariak eta Lakuntzakoak elkarrekin aritu ziren eta “hori gauean Cava azokan islatu zen. Helduak, gazteak dantzan. Oso giro polita sortu zen. Ordu bietan itxi genuen karpa, itxi beharra zegoelako”.

Cava festaren kokapena frontoitik elizaren dorre ondora aldatzearekin asmatu zutela esan du zinegotziak. “Nabaritu da eta asko. Esaterako, igande eguerdian joan den urtean Cava azokan ez zegoen inor eta aurten asko egon da”. Beraz, igandean bertako produktuen eta artisauen postuetatik gertuago egoteak on egin zion Cava guneari, “ikusi egiten zelako”.

Sant Sadurni d´Anoiako udal ordezkaritza zabala izan da asteburuan Lakuntzan: Maria Rosell Medall alkatea eta beste hiru zinegotzi. Haiekin batera dantzari taldeko 17 kide eta batukadako beste 21 etorri ziren. Calferuko cava saltzaileak ere, jakina. Haietako batek cava nola egiten den, nola edan behar den eta beste azaldu zituen.  Gama ertain eta altuko 10 cava ekologiko dastatzeko aukera izan zen. Gartziak esan zuenez, cava ekoizleak “oso gustura” zeuden.  Igande eguerdirako izotz ontzietan freskatzen gelditzen ziren botilak besterik ez zeuden.

Erlazionatuak