Lakuntzako Zabalarte klubean lan handiko egunak dira hauek. Ekainaren 11n jokatuko den Lakuntza-Aralar mendi lasterketa prestatzeko lanetan dabiltza klubeko kideak, guztia behar bezala atera dadin. Horretarako makina bat babesleren laguntza dute.
Bi distantzien artean aukeratu ahalko da: ibilbide luzea (25 km, 1.200 m desnibel positiboa) eta ibilbide laburra (13,3 km, 640 m desnibel positiboa). Bi probak 9:30ean abiatuko dira. Ibilbide luzekoek Guardetxera joko dute, handik Belokiko lepora, Txorrotxetara eta Unagako putzura igo ondoren, Irumugarrietara heltzeko. Hortik jaitsierari ekingo zaio, Desaoko bordatik eta Pagomaritik. Etxaaltxeta pasa ondoren Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera, Lakuntzara.
Ibilbide motzekoek Guardetxera joko dute, baina Mugerdira jo beharrean, Larluzgainara joko dute, ondoren Etxaaltxetan ibilbide luzearekin bat egiteko eta Lakuntzara jaisteko.
Izena ematea
Ekainaren 9ra arte (Federatuek 12 euro (motza) eta 15 euro (luzea) eta federatu gabekoek 15 euro (motza) eta 20 euro (luzea), www.herrikrosa.eus web gunearen bitartez. www.lakuntza-aralar.com web gunearen bitartez ere sar daiteke.