XIV. Lakuntza-Aralar: iritsi da unea

Guaixe 2017ko eka. 9a, 13:00

Igandean, 9:30ean abiatuko dira korrikalariak. Bi aukera daude: ibilbide luzea (25 km) eta ibilbide laburra (13,3 km)

Zabalarte klubak antolatuta, igandean jokatuko da XIV. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Klubak Lakuntzako Udalaren, Lakuntzako Pertza elkartearen, Nafarroako Mendi Federazioaren eta hainbat babesleren laguntza izan du. Eguraldi ona dago iragarrita eta primerako lasterketa izatea, hori espero du antolakuntzak.

Aurreko urtean bezala, bi distantzien artean aukeratu ahalko dute korrikalariek: ibilbide luzea (25 km, 1.200 m desnibel positiboa) eta ibilbide laburra (13,3 km, 640 m desnibel positiboa). Bi probak aldi berean abiatuko dira Lakuntzako plazatik, 9:30ean. Ibilbide luzekoek Guardetxera (1.035m) joko dute, handik Belokiko lepora, Txorrotxetara eta Unagako putzura (1.185 m) igo ondoren, Irumugarrietara (1.431 m) heltzeko. Hortik jaitsierari ekingo zaio, Desaoko bordatik (1.229 m) eta Pagomaritik. Etxaaltxeta (920 m) pasa ondoren, Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera joko dute, Lakuntzako helmugara.

Ibilbide motzekoek, aldiz, Guardetxera igoko dira, baina Mugerdirantz egin beharrean, Larluzgainara (1.103 m) joko dute, ondoren Etxaaltxetan (920 m) ibilbide luzearekin bat egiteko eta Lakuntzara jaisteko. Etxaaltxeta pasa ondoren Arangunera iritsiko dira korrikalariak eta handik behera, Lakuntzara.

Ibilbidean barna 5 kontrol eta 4 hornidura gune egongo dira. Ibilbide motzeko lehen partaidearen helmugaratzea 10:30erako aurreikusten da eta ibilbide luzekoarena, aldiz, 11:30erako. Akaberan, auzate ederra izango da korrikalari guztiendako. Guztia behar bezala antolatzeko, 80 pertsona baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan.

Sariak
Sari banaketa 13:15ean hasiko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta tekniko bat eta produktu lote bana jasoko dute. Proba nagusiko irabazleek, gizon eta emakumeak, 250 euro, txapela eta trofeoa jasoko dituzte. Bigarrenek 100 euro eta trofeoa, eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Bestalde, lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek, lehen beteranoek, lehen juniorrek eta lehen promesek trofeoak jasoko dituzte. Ibilbide motzean, lehendabiziko hirurek garaikurra eta produktu lotea eskuratuko dituzte.

Gaur, izena emateko azken eguna
Lakuntza-Aralar mendi lasterketan izena emateko azken eguna da gaurkoa. Gaur, ostiralean, gaueko 24:00ak arte eman daiteke izena www.herrikrosa.eus web gunean. Atzo goizean, bi probatan guztira 178 korrikalari zeuden izena emanda. Ibilbide luzerako, federatuek 15 euro eta federatu gabekoek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta ibilbide motzerako, aldiz, federatuek 12 euro eta federatu gabekoek 15 euro.
Aurreko urtean 250 korrikalari aritu ziren, 170 proba nagusian eta 80 laburrean. Proba nagusian Hamid Ben Daoud deriotarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta ia 6 minututan hobetu zuen errekorra (1:52:17). Ia 10 minutu atera zizkion bigarrenari. Emakumezkoetan Alizia Olazabal nagusitu zen (2:26:57). Proba laburrean Alberto Martinez lakuntzarra (1:04:51) eta Izaskun Beunza olaztiarra (1:24:12) izan ziren txapeldunak.

Mila Kolore Elkartearen aldeko lasterketa solidarioa
Lakuntza-Aralar mendi lasterketaren bitartez Zabalarte elkarteak Sakanako Mila Kolore Elkartea lagundu nahi du. Elkarte horretako kidea da Josu Vilariño Arbizu, ama lakuntzarra duen gaztea. Horrela, goizeko 10:00etan lasterketa solidarioa antolatu du Zabalartek, adin guztietarako. Lasterketan parte hartzeko dortsal solidarioak salgai daude herriko tabernetan, 2 euroren truke, eta lasterketa hasi baino lehen ere plazan erosi ahalko dira. Plazari buelta bat ematea, hori da lasterketaren erronka. Dortsalengatik jasotako guztia Mila Kolore Elkarteari emango zaio eta parte hartzeko deia egin du Zabalartek.