Igandean jokatu zen Zabalarte klubak hainbat entitate eta babeslerekin antolatutako Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Goizeko 9:30ean abiatu ziren proba luzean (25 km eta 1.200 m desnibel positiboa) eta proba laburrean (13,3 km eta 640 m desnibel positiboa) lehiatu ziren korrikalariak, 194 korrikalari guztira. Horietatik 96 korrikalarik osatu zuten proba luzea eta 98 korrikalarik proba laburra. Beroa izan zen protagonista nagusia eta termometroek tarteka 30 graduak ere gainditu zituzten. Horrek gogortu zuen proba, baina, hala ere, Aralarreko paraje bikainetatik barna gozatzeko aukera izan zuten lasterkariek.
Lakuntzatik abiatuta, Atazar igoz iritsi ziren Guardetxera. Bertan zegoen lehen hornidura. Ibilbide luzekoek Belokiko lepora, Txorrotxetara eta Unagako putzura jo zuten –bigarren hornidura gunea–, ondoren Irumugarrietara, probako punturik altuenera (1.431 m) igotzeko. Handik jaitsierari ekin zitzaion, Desaoko bordatik –hirugarren hornidura– eta Pagomaritik. Etxaaltxeta pasa ondoren –laugarren hornidura–, Arangunera igo ziren, bertatik jaitsierari berrekin eta Lakuntzako helmugara. Ibilbide laburrekoek, aldiz, Guardetxetik Etxaaltxetara jo zuten, handik ibilbide luzearekin bat eginez, behera jaisteko.
Katarainen eta Igarzabalen lehia
Proba nagusian Beñat Katarain lakuntzarrak eta Juanjo Igarzabal zumarragatarrak lehia estua izan zuten hasiera-hasieratik. Katarain Zegaman bizi da eta bera eta Igarzabal taldekideak dira Goierri-Garaia taldean, baina atzo arerio latzak izan ziren. “Irumugarrieta biak batera igo dugu, baina Beñatek erorikoa izan du eta horrek aldea ateratzea eta garaipena lortzea ahalbideratu dit” adierazi zuen Juanjo Igarzabalek, txalo artean, helmugan. Beñat Katarain minutu pasara sartu zen (2:06:55), hau ere txalo artean. Etxarri Aranazko Josu Unzurrunzagak osatu zuen podiuma (2:14:17). Emakumezkoetan Alizia Olazabal beterana iruindarrak ez zuen areriorik izan (2:35:24) eta aurreko urteko garaipena errepikatu zuen, baina iaz egin zuen denboratik (2:26:57) 8 minutu gora ibili zen. Maialen Elia bigarrenari lau minutu pasa atera zizkion (2:39:28). Ana Casares izan zen hirugarrena (2:50:23). Lehen sakandarra Arantza Larrañaga izan zen, emakumezkoetan bosgarrena (3:02:58). Lehen beteranoak Imanol Oiarbide (2:16:06) eta Alizia Olazabal (2:35:24) izan ziren eta lehen juniorra ioar Tabar iruindarra (2:38:57), Juan Larrea altsasuarraren aurretik (2:40:28).
Motza
Lasterketa laburrean Imanol Inza zumarragatarra (1:07:56) eta Elixabete Agirre iruindarra (1:30:46) gailendu ziren. Sakandarrei dagokienez, Haizea Ramirez de Alda laugarren emakumea izan zen (1:36:34). Estibalitz Arkauz lehen lakuntzarra izan zen (1:53:35). Kadeteetan Ander Rosado arbizuarra lehen kadetea izan zen (1:27:20) eta Ander Orabengoa olaztiarra bigarrena (1:31:36).
Bukaeran, primeran hornitzeko aukera izan zuten korrikalariek plazan itzalpean prestatutako auzate ederrean. Guztiek kamiseta eta opari lotea jaso zuten opari. Sari ematean, proba nagusiko txapeldunek txapeleta eta 250 euro jaso zituzten, bigarrenek trofeoa eta 100 euro eta hirugarrenek trofeoa eta 50 euro. Lehen sakandarrek, lakuntzarrek, beteranoek, promesek, kadeteek eta ibilbide luzeko irabazleek trofeoa jaso zuten, eta ibarreko produktuak.
Sakandarrak Lakuntza-Aralar Luzean (25 km)
Gizonezkoak, absolutua:
1.Juanjo Igarzabal (Zumarraga): 2:05:48
2.Beñat Katarain (Lak): 2:06:55
3.Josu Unzurrunzaga (Etx): 2:14:17
9.Mikel Iriarte (Arb): 2:24:01
11.Migel Angel Asurabarrena (Lak): 2:30:57
12.Patxi Cano (Alts): 2:32:31
14.Aitor Mozo (Lak): 2:33:22
15.Fran Araña (Arb): 2:33:32
23.Juan Larrea (Alts): 2:40:28
26.Iker Flores (Alts): 2:44:21
32.Aritz Pellejero (Lak): 2:47:49
38.Alberto Anton (Alts): 2:48:55
42.Joseba Iza (Arb): 2:51:09
43.Asier Leiza (Arb): 2:51:25
46.Ibai Arrese (Etx): 2:55:16
49.Aitor Salinas (Etx): 2:59:04
67.Iñigo Aldunate (Lak): 3:12:03
89.Aitor Esnal (Alts): 3:48:43
96.Javier Matias (Alts): 4:26:28
Emakumeak, absolutua:
16.Alizia Olazabal (Irun): 2:35:24
56.Arantzazu Larrañaga (Uhar): 3:02:58
71.Leire Palacios (Alts): 3:16:24
81.Erkuden San Martin (Etx): 3:23:22
Sakandarrak Lakuntza-Aralar Motzean (13 km)
Gizonezkoak, absolutua:
1.Imanol Inza (Zumarraga): 1:07:56
15.Izai Mauleon (Etx): 1:21:28
16.Asier Gartziandia (Lak): 1:22:54
25.Ander Rosado (Arb): 1:27:20
30.Ibon Arregi (Lak): 1:30:22
36.Ander Orabengoa (Olaz): 1:31:36
42.Alain Iriarte (Etx): 1:32:30
49.Hodei Lakuntza (Etx): 1:36:15
52.Luismi Chaves (Lak): 1:37:34
54.Iban Verdugo (Etx): 1:38:23
55.Raul Moro (Etx): 1:38:26
Emakumeak, absolutua:
32.Elixabete Agirre (Iruñea): 1:30:46
50.Haizea Ramirez de Alda (Alts): 1:36:34
53.Maria Goikoetxea (Etx): 1:38:21
87.Estibaliz Arkauz (Lak): 1:53:35
95.Mari Jose Arza (Alts): 2:07:26
96.Isabel Pozueta (Alts): 2:07:26