Larunbaterako I. Lakuntzako Emakumeen Saria antolatu du Aralar Txirrindulari Taldeak. 24 urteren buruan, emakumeen txirrindularitza proba batez gozatzeko aukera izango da berriro ere Lakuntzan. Eta horregatik, oso pozik daude Aralar klubean. Gaineratu dutenez, espainiar estatu guztitik etorritako taldeak lehiatuko dira Lakuntzan, kadete, junior eta elite mailakoak. I. Lakuntzako Emakumeen Saria Euskaldun Zirkuiturako baliagarria izango da.
Lasterketa berezia izango da. 15:30ean kadete mailako txirrindulariak abiatuko dira, 37 km-ko ibilbide bat osatzeko. Bestalde, elite mailako txirrindulariak 16:45ean ekingo diote bere lasterketari, 65 km-ko proba osatzeko. Eta junior mailakoak aurrekoen lasterketara gehituko dira 12,5 kilometroan, 54 km-ko lasterketa egiteko.
Aralar klubak Lakuntza hartuta bi zirkuitu prestatu ditu. Bata, Lakuntza eta Arruazu artean, 6,3 km-koa, eta, bestea, Lakuntza, Arbizu, Lizarrengo eta Etxarri artean, 11,3 km-koa. Zirkuitu horiek erabiliz osatuko da proba. “Helburua txirrindulariak Lakuntzatik sarritan pasatzea da, Lakuntzan bilduta dauden txirrindulari zaleak txirrindulariak behin eta berriz ikusteko eta herrian giro polita sortzeko” adierazi dute Aralar klubetik.
Emakume sakandarrak lanera
Egun, kadete mailan Leire Maiza etxarriarra (Nafarroa Ermitagaña), Joana Irastorza etxarriarra (CAF Turnkey Engineering Women) eta Maria Beraza uhartearra (Nafarroa Ermitagaña) dabiltza, junior mailan Maialen Aramendia iturmendiarra (CAF Turnkey Engineering Women) eta eliteetan Bakarne Gonzalez altsasuarra (Bolivia). Ea Lakuntzan ikusteko aukera ditugun.
Emakumeen txirrindularitza sustatzea
Lakuntzako lasterketa Nafarroako Txirrindularitza Federazioak emakumeen txirrindularitza sustatzeko antolatutako kanpainaren barruan sartzen da. Kanpaina honen barruan 2017an emakumeen 3 lasterketa antolatu dira Nafarroan. Lakuntzakoa bigarrena da.