Lakuntzak 24 urte beranduago emakumeen lasterketa hartu zuen larunbatean, Aralar klubak antolatutakoa. Hasieratik nabaritu zen puntako mailako kirol ekitaldia izango zela, bertako taldeez gain, Kataluniako, Pontevedrako, Portugalgo eta beste makina bat tokietatik hurbildutako txirrindulariak aritu baitziren.
Larunbat arratsaldeko berotzarrari egin behar izan zieten aurre Lakuntzan bildutako emakumeek. Lehenik eta behin kadeteen mailako lasterketa jokatu zen, ondoren eliteak atera ziren –aurreikusi baino beranduago, kadeteen mailako helmugan erorikoa izan zelako_ eta eliteak zirkuituari bigarren buelta osatzear zeudela, juniorrak sartu ziren. Kolore askotako tropelean, hiru txirrindulari sakandar lehiatu ziren: jubenilen mailan Maialen Aramendia iturmendiarra eta kadeteen mailan Leire Maiza eta Joana Irastorza etxarriarrak eta Maria Beraza uhartearra.
Puntako ikuskizuna eskaini zuten txirrindulari guztiek, gizonezkoenen pare. Aralar klubak bi zirkuitu prestatu zituen, Lakuntza eta Arruazu arteko 6,3 km-ko zirkuitua, bata, eta Lakuntza, Arbizu, Lizarragabengoa eta Etxarri Aranatz arteko zirkuitua, 11,3 km-koa. Zirkuitu horiei buelta jakinak emanez osatu zen lasterketa. Helburua txirrindulariak Lakuntzatik behin eta berriz pasatzea zen, uneoro lasterketa jarraiatu ahal izateko.
Kadeteetan Leire Maiza lehen sakandarra
Kadeteen lasterketa (36 km) esprint estuan erabaki zen. Urt Vélo 64 taldeko Maitena Aguer gailendu zitzaien Oriakoko Naia Amondaraini eta Allerru taldeko Ekhiñe Rivasi. Helmuga gaindituta bi eroriko izan ziren; anbulantziak Etxarri Aranazko osasun etxera eraman zuen Amondarain, baina zorionez ez zuen aparteko zauririk izan. Nafarroa Ermitagañako Leire Maiza etxarriarra 20.a sailkatu zen, probako lehen sakandarra, bere taldekide Maria Beraza uhartearra 24.a eta Caf Turnkey Engineering taldeko Joana Irastorza 34.a. Caf probako bigarren talde onena izan zen.
Eliteei dagokienez (65 km), Lointek taldeko Alba Teruel eta Catena.Cat taldeko Ariadna Triasek esprint estua jokatu zuten eta Teruelek irabazi zuen. 3 segundora sartu zen tropela, Lierni Lekuona buru zela. Azkenik, juniorren mailan (54 km) esprintean iritsi zen tropela eta Portugalgo selekzioko Maria Gomesek irabazi zuen, Corvi-Tot-net taldeko Paulle Sellol eta Catema.Cat taldeko Mira Triasen aurretik. Caf Turnkey Engineering taldeko Maialen Aramendia iturmendiarrak lan bikaina egin zuen eta bosgarrena iritsi zen helmugara, probako lehen sakandarra. “Beroa pasa dugu, baina biharkoa okerrago izango da” azaldu zuen Iturmendikoak helmugan. Izan ere, hurrengo egunean, Entrenan, Logroñoko Gobernua Trofeoa jokatu zen, Espainiako Koparako eta Euskaldun Torneorako baliagarria zena.
Lakuntzako Lasterketa Emakumezkoen Torneorako baliagarria zen. Aralar klubekoak pozik azaldu ziren. “Bero gehiegi egin du baina eguraldia ezin da aukeratu. Hala ere, sekulako ikuskizuna eman dute txirrindulariek eta pozik gaude emakumezkoen proba antolatu izanagatik” azaldu zuren Aralarkoek.
Logroño
Hurrengo egunean jokatutkao Logroñoko Gobernua Torneoan, jubenilen mailan Sopela taldeko Sara Martinek irabazi zuen, helmugara bakarrik helduta. Caf taldeko Maialen Aramendia 22.a sartu zen, ia 11 minutura. Kadeteetan Guttrans taldeko Maria Del Llano gailendu zen esprintean. Nafarroa Ermitagañako Leire Maiza 25.a sartu zen, 22 segundora.