Garin kirol irakaskuntzara bideratutako ikastetxearen sustatzaile

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 11:28

Garazi Garin berak antolatutako beste ekimen bateko kartela eskutan.

Hiru ekintzailek Kataluniako LH ikastetxe baten delegazioa zabaldu dute. Futbol entrenatzaile izateko erdi mailako eta goi mailako ikasketak gorputz eta kirol ekintzen sustapen goi mailako zikloa eskainiko dute irailetik aurrera. Izen ematea zabalik dute www.escolavitae.com web orrian.

Garazi Garin lakuntzarrak, beste bi bazkiderekin batera, Lanbide Heziketa ikastetxea zabaldu berri dute Uharte-Iruñean. Lan merkatuan sartzeko ekintzaile hirukoteak frankizia moduan lan egitea erabaki dute eta Katalunian eskarmentu handia duen Lanbide Heziketako ikastetxe baten Nafarroako atala zabaldu dute: Escola Vitae. Garinek azaldu digunez, bere lehengusuak Bartzelonako ikastetxe horretan egin zituen ikasketak, “oso gustura”. Biek ikastetxea Nafarroan kokatzeko asmoa buruan zutela beste ekintzaile batekin bat egin eta hiruren artean zabaldu dute.

Lanbide Heziketako bi ikasketa eskainiko dituzte. Batetik, gorputz eta kirol ekintzen sustapen goi mailako zikloa. Haren bidez kiroldegietako jardueretan edo gimnasia irakasle aritzeko balioko duten ezagutzak eskuratuko dituzte ikasleek: jokoak, jolaserako gorputz- eta kirol-ekintza indibidualak eta taldekoak, eta oinarrizko egokitzapen fisikoko ekintzak irakatsi eta dinamizatzea ingurunearen eta parte-hartzaileen ezaugarrietara egokitzea. Bi ikasturte dira ikasketak eta praktikak uztartuz.

Bestetik, maila ertaineko futbol zikloa, urte bateko iraupena duena eta futbol taldeak entrenatzeko balio duena. Garinek azaldu digunez, Nafarroako Futbol Federazioarekin hitzarmena sinatu dute.