Egunotan beste itxura bat hartu dute garilaren 27tik 30era Hatortxu Rock elkartasun jaialdia hartuko duten eremuek. Eszena-toki nagusiak eta karpa nagusiak muntatzen ari dira, eta, horrekin batera, ingurune guztia hesitzen. Bestalde, kanpalekuko eremua ere atontzen ari dira antolatzaileak. Izan ere, Euskal Herriko elkartasun jaialdi handiena izango dena abiatzeko atzerakontua hasi da.
Paseak
Antolakuntzatik adierazi dutenez, Lakuntzako herria hilaren 26tik, asteazkenetik, 18:00etatik aurrera itxita geratuko da herritarrak ez direnendako. 8 kontrol-puntu kokatuko dira horretarako. Lakuntzarrek herritik ateratzeko edozein puntu erabili ahal izango dute, baina herrira sartzeko 3 puntu izango dira: Sakana fundizioko puntua, gasolindegi puntua eta hostoak puntua. Antolakuntzatik gaineratu dutenez, aipatu puntuetan segurtasun lanetan lakuntzarrak egongo dira, sartzeko orduan arazoak egon ez daitezen.
Segurtasun puntu hauetatik soilik pasea duten autoak sartu ahalko dira, lakuntzarrak, Lakuntzan lan egiten dutenak eta beste. Dagoeneko autoa Lakuntzan erroldatuta dutenek euren pasea etxean jaso dute. Bestela, autoa kanpoan erroldatuta badute edo dena delakoa, udaletxera joz arazorik gabe bideratzen dituzte paseak, uztailaren 21era bitartean, goizeko 10:00etatik 14:30era.