Aurrera doaz ostegunetik igandera Lakuntzan burutuko den Hatortxu Rock jaialdi erraldoia behar bezala prestatzeko lanak. Auzolan asko burutu dira eta oraindik lana dago egiteko. Itxura paregabea hartu du Beriain guneak eta ondoan dagoen kanping guneak. Baina oraindik ere jende asko dabil batera eta bestera antolakuntza lanetan.
800 txanda betetzea falta da
Hatortxutik adierazi dutenez, "Hiru egun baino ez dira falta Hatortxu Rock 20 elkartasun jaialdiak ateak irekitzeko. Lanean ari gara aspalditik eta, egia esan, jendearen erantzuna ederra izaten ari da. Asko gara, muntaia lanetan ere asko gara, baina oraindik ere arazo handi bat daukagu: Hatortxu Rock 20k behar bezala antolatu ahal izateko 800 txanda behar ditugu" adierazi dute antolakuntzatik.
Euskal Herriko elkartasun jaialdi erraldoiena antolatzeko laguntza gehiago falta da. "HTX20 egingo dugu eta ahaztezina izango da. Ez izan horren dudarik, baina oraindik ere lana daukagu aurretik. Horregatik dei egiten diogu gizarte guztiari, proiektu hau bere egin dezan. Bakoitzak bere alea jartzen badu bakarrik bermatuko dugu dena behar bezala joatea.Lau egun, 96 ordu… 6 orduko txanda batek ez dizu kalte handirik eginen, eta Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdi handienaren benetako parte izanen zara. Ezinbesteko parte.
Zatoz. Izan taupada. Egin jaialdi hau posible. Behar zaitugu eta batez ere, behar zaituzte" nabarmendu dute Hatortxu Rock-ekoek.
Sarrerak saltzeko gunea erori egin zenSarrerak aurretik erosteko azken eguna zen atzokoa. Sarrerak erosteko bisita ugari izan zituen Hatortxu Rock-en web guneak eta, trafiko handi horren eraginez sarrerak erosteko web gunea erori egin zen ordu pasatxo. Baina arazoak konpondu eta sarrerak erosteko aukera egon zen berriz. Hatortxu Rock burutzen den egunetan sarrerak erosteko aukera izanen da ere.
Eguraldi ona
Hatortxu Rock ostegunean hasiko da eta eguraldi ona iragarri dute.