Aralarko santutegira joateko goizter mugituko dira lakuntzarrak, 06:00etan. Astoa lagun eginen dute bidea. Hark gainean gosarirako beharrezkoak diren tripotak, ogia eta ardoa eramanen ditu. Izan ere, indarra hartzeko bide erdian geldialdia egiten baitute lakuntzarrek. Antza, geldialdia egiten duten paraje horretan noizbait pertza bota omen zitzaien.
Behin santutegira iritsi eta 11:00etan meza izanen da. Horren ondoren Lakuntzako Pertza elkarteak tripotak, ardoa eta ogia eskainiko ditu auzatean. Ondoren Bil-tokiko gazteen txanda izanen da, haiek santutegiko plazan Lakuntzako Pertza dantza dantzatuko dute. Segituan lakuntzarrak Albi aldera mugituko dira, Guardetxe zenekoaren inguruan bazkaltzen baitute. 16:30etik 18:30era dantzaldia izanen da eta herrira bueltan, 20:00etatik aurrera. Festak ordu txikiak arte segituko du.
Abuztuko Ama Birjinaren egunaren ondorengo igandean ospatzen da Lakuntzako Pertza, garai bateko kontakizunak lakuntzarrak haserrarazten zituenak. Antza, Asulbizio festa ospatzera Aralarko santutegira joaten zirela, urteren batean asto gainean gosariarekin zeramaten pertza bota eta maldan behera joan zen. Kontakizunaren arabera tripotetako batek Uharteko errotaria jo eta betoker utzi zuen. Lakuntzarrak zirikatzeko ohikoa zen garai batean honako galdera egitea: Lakuntzako pertzak ze fin ein zuben? Eta lakuntzarren ohiko erantzuna izan zen: Zuben aittek eta amak izan zubena. Guztiari umorez heldu eta izen bereko elkartea eta ospakizuna egin eta antolatu zituzten lakuntzarrek.