Asteartean XXVII. Sakana Fundizioa Saria jokatu zen Lakuntzan, kadeteen mailako proba. Javier Gartziandia txirrindulari ohiak eta Ermitagaña klubaren sorreran lan handia egin zuen zendutako Koldoren alargun Tere Lizarraga lakuntzarrak moztu zuten probaren hasierako zinta. Lakuntzako Aralar Klubak antolatutako proba zen, eta bere taldeak, Intersport Irabiak, protagonismo handia izan zuen.
Lasterketa gogorra izan zen, tartean botatako euri zaparradak are gehiago okertu zuena. Intersport Irabiako Inhar Astitz eta Quesos Albenizko Iker Mintegi sartu zen eguneko ihesaldian, baina ez zuen fruiturik izan. Lizarragako Kateko igoeran –Iker Mintegi izan zen bertatik pasa zen lehena– Intersport Irabiako Igor Arrietak erasoa jo zuen eta bakarrik egin zuen aurrera. Gainontzekoek ez zuten bere erritmoari erantzuteko adorerik izan eta Uharte Arakilgo txapeldun handia bakar-bakarrik iritsi zen bizikleta zalez beteta zegoen Lakuntzako helmugara, etxean garaipena lortuaz (1:24:55). 23 segundora Ekin-Amorebieta taldeko Mikel Agirrebeitia 23 segundora sartu zen eta Madis taldeko Ibai Ruiz de Arkaute hirugarrena, 24 segundotara.
Sakandarrek lan bikaina egin zuten. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi 7.a sartu zen, 52 segundora, eta mendiko txapelketa irabazi zuen altsasuarrak. Aitor Alberdi (I.I) 9.a sartu zen, Unai Aznar (Q.A.) 10.a, Unai Villalobos (Q.A.) 14.a, Urko Gorriti (I.I.) 15.a, Inhar Astitz 20.a –tartekako helmugen saria irabazi zuen– eta El Caserio-Valsay taldean dabilen Jon Gil lakuntzarra 25.a. Lehen lakuntzarraren saria berarendako izan zen.
Emakumezko bakarra sailkatu zen, Nafarroa-Ermitagañako Irati Puigdefabre.
Taldeka, Ekin-Amorebieta izan zen lehena, Intersport Irabia eta Quesos Albeniz taldeen aurretik. Eta Sakana Sariak Nafar Kirol Jolasetarako puntuagarria zenez, Igor Arrietak liderraren maillot gorria jantzi zuen eta Iker Mintegik mendiko maillot berdea.
Txirrindularitza festa ederra izan zen astelehenekoa, ikuskizun bikaina eman baitzuten txirrindulariek, euri zaparradari bikain aurre eginez. Aralar klubekoak oso pozik zeuden, guztia ongi atera zelako eta etxeko lasterketa irabazi zutelako.