Hasi da preferente maila. Aibarés taldearen kontra galduz ekin diote ligari Lagun Arteakoek, baina liga luzea da oraindik eta aurten goiko postuetan sailkatu nahiko lukete, Maila Autonomikoko Igoera Fasea jokatu ahal izateko. Baina, horretarako, liga guztian zehar maila ona eman eta erregularrak izan beharko lukete lakuntzarrek. Ea asmoa gauzatzerik duten.
Iazko taldetik hainbat baja izan ditu Lagunek: Eneko Orrio, Mikel Beraza, Carlos Garcia, Mikel Galdeano, Xabi Mondragón, Ignacio Elizburu, Asier Salgado, Joseba Montoya eta Andoni Egurza jokalariek taldea utzi dute. Euren tokia betetzeko Garikoitz Maiza (Txantrea), Dani Beorlegi (Iruntxiki), Dani Nagore (Egues), Dani Muñoz (Burlades), Urko Eizagirre (Beti Kozkor), Jon Arenaza (Etxarri), eta Ekaitz Gartziandia eta Xabi Maiza lakuntzarrak iritsi dira taldera. Eta gainontzeko urtetik 15 jokalarik jarraitzen dute.
Aurreko urtean bezala, Carlos Gomez Puyol entrenatzaileak jarraitzen du Lagun Artea gidatzen. Gaztea, aldageletan oso giro ona sortu duela, taldean beste bat gehiago dela eta jokalariek berarekin oso harreman ona dutela nabarmendu dute Lakuntzako klubetik. Aurten Ignacio Vidal Villegas izango du alboan, bigarren entrenatzaile lanetan, Sergio Perezek taldea utzi eta gero.
Harrobiarekin kontentu
Taldea osatzea kosta egin zaiela aipatu ditu Laguneko idazkari Jesus Mari Goikoetxeak. “Gurea bezalako herri txiki bati asko kosta egiten zaio. Badago adin tarte bat, 16 eta 20 urte artekoa, jokalariak lortzea oso zaila dena. Hemen ez daude eta Iruñean ere zaila da jokalariak lortzea, bertan klub asko daudelako, erraztasun gehiagorekin. Baina taldea osatzea lortu dugu eta pozik gaude aurten Lagun Arteak kategoria txiki guztietan taldeak osatzea lortu duelako eta, hemendik aurrera harrobi garrantzitsua izango dugulako jokalariak trebatu eta nagusien talderako prest egoteko” gaineratu du.
Izan ere, preferente mailako taldeaz gain, 2017/2018 denboraldian jubenilen mailako taldea, kadeteena, haurren mailakoa eta kimuen mailakoa izango ditu Lagun Arteak. Harrobia, beraz, ziurtatua dago datorren urteetarako.
Aurreko urtean laugarrena sailkatu zen Lagun Artea, igoera faserako postu eskas batera. Aurten igoera fasea jokatu nahiko lukete. “Oso zaila izango da, preferente mailan sekulako lehiakortasuna dagoelako. Talde oso onak daude: Pamplona, Aibarés… Iruñerriko taldeak oso onak dira. Baina gu saiatuko gara, beti bezala” nabarmendu du Goikoetxeak.
Junta
Lagun Artea klubeko juntan ez dago aldaketarik. Carlos Ruiz de Erentxun da presidentea, Jesus Mari Goikoetxea, idazkaria, Jose Maria Lanz, diruzaina eta Diego Cruz, Jabier Andueza, Juan Ignacio Mendieta, Xabi Betelu eta Oskar Maiza bokalak. Horretaz gain, Oskar Maiza eta Diego Cruz delegatuak dira.
Lagun Artea. 2017/2018ko preferente maila.
Atezainak: Andoni Del Arbol eta Garikoitz Maiza.
Atzelariak: Aitor Egurza, Jon Ollo, Kepa Olias, Gari Ruiz de Escudero, Ioritz Goñi, Markel Erdozia, Dani Beorlegi, Urko Eizagirre eta Jon Arenaza.
Erdilariak: Eneko Cruz, Jonathan Davila, Xabi Burillo, Iñaki Berastegi, Dani Ramos, Iñaki Mendieta eta Dani Nagore.
Aurrelariak: Odon Arbeloa, Ander Unanua eta Dani Muñoz.
Entrenatzailea: Carlos Gomez Puyol. Bigarren entrenatzailea: Ignacio Vidal Villegas