Osasun Kontseilaria den Fernando Domingezek adierazi bezala, hilabete honetan jakin izan dugu Osasunbideak gutxienez Eskualdeko lau larrialdi-zerbitzu martxan jarriko dituela laster Nafarroan, eta horietako bat Sakanan izanen dela. Eskualdeko larrialdi-zerbitzu honetan larrialdietan adituak diren osasun-langileak izanen ditugu. Eskualdeko larrialdi-zerbitzuekin landa eremuetan bizi diren herritarrak larrialdi zerbitzuetatik 15 km baino gutxiagora egotea bermatzen da. Baina, larrialdi zerbitzua izanik, zalantza bat datorkit burura: gertutasuna bermatzeaz gain, bermatuko al da herritarrak euskaraz artatuak izateko eskubidea?
Mobilizazio bat baino gehiago ezagutu dugu Sakanan Osasun Zerbitzuak euskalduntzeko eskatuz, ehunka sakandarren sinadurak bildu eta Nafarroako Gobernuari zuzenduz. Aurrekariak baditugu bailaran, beraz horrelakorik egin behar ez izatea litzateke zentzuzkoena.
Osasuna ez da gaixotasun eza bakarrik izaten; Munduko Osasunaren Erakundeak dioen bezala, osasuna erabateko ongizate fisiko, psikiko eta soziala da, non momentu zailetan dagoen gaixoak, sendatzera eramanen duten profesionalekin konfiantza bat eraiki beharra duen. Gaixoak hautatzen duen hizkuntzak zeregin garrantzitsua jokatzen du konfiantza hori eraikitzerakoan.
Euskararen legeak dioen bezala, eremu euskaldunean kokatzen da Sakana. Bertako herritarrek osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea dute, beraz martxan jarri aurretik: EUSKARA ESKAKIZUNA LANPOSTU GUZTIETAN, bai ala bai!