Eguraldi eleganteak oraindik ere handiagoa egin zuen motorzaleen Navarider Day festa. 800 motorzale atera ziren Iruñetik, 10 motorretako taldeetan banatuta, Nafarroan barna 515 kilometroko ibilbidea osatzeko asmoarekin. Horietatik %30 pilotu nafarrak ziren eta gainontzekoak beste tokietatik etorriak, ondoko probintzietaz gain, Kataluniatik, Madriletik eta beste etorritakoak.
Horrela, goizeko 8:00etatik aurrera Lakuntzako plaza motorrez betetzen hasi zen. Lakuntzako plazan jarri zuten kontrol gunetik pasa beharra zuten guztiek, ondoren mokadu bat hartzeko. Denetariko motorrak ikusteko aukera zegoen: gehienak errepidekoak, abiadura azkarrekoak, baina baita ibilbideak modu lasaiagoan egiteko motorrak, Harley Davidson eta antzekoak. Denetariko motorrak, apaingarriak, kaskoak eta beste gertutik ikusteko aukera izan zen. Pilotu katalanak, hunkituta, plazan zegoen esteladaren azpian argazkiak atera eta atera ibili ziren. Atsedenaldia hartuta, atzera ere motorrera igo eta hurrengo geltokiraino jo zuten gidariek, Bianaraino. Ondoren, Xabier eta Izaba gainditu behar izan zituzten, arratsalde partean Iruñera iristeko.
La banda del jefe Bigun eta Kale
Iruñean Zentral aretoak hartu zuen Navarider Day taldeko festa nagusia. La Banda del jefe Bigun talde sakandarrak rock doinuez bete zuen aretoa, Jokin Kale margolari lakuntzarrak koadro bat margotzen zuen bitartean. Giro bikaina nabarmendu zuten motor gidariek, eta Nafarroaren edertasuna. Motorrez ibiltzeko gune bikaina omen dugu.
Moto Rutas taldeak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Ostalaritza Elkarteak antolatu zuten Navarider Day festa, hainbat babesleren laguntzarekin.