Lakuntzako Pertza elkarteak 490 bazkide ditu. 1963-1964 urteen artean sortuta, tamaina handiko elkartea da, ia herritar guztiak hartzen dituena. Elkartearena da, besteak beste, abuztuko Lakuntzako Pertza erromeria antolatzearen ardura eta Sansastinetan danborrada antolatzearena.
Baina festa ezagun horietaz kanpo, urria edo azaro aldera bazkidearen eguna antolatzen du elkarteak. Aurten azaroaren 11n izanen da, larunbatarekin.
Goizeko 12:00:00etan hasiko dira ekitaldiak, herri kirolekin. Izan ere, Nafarroako Sokatira Txapelketako jardunaldia hartuko du Lakuntzako Behar-Zana frontoiak, eta aizkolarien emanaldia (ikus Guaixeko kirolak). Tartean, elkartearen eskutik auzatea izango da bertan eta, ondoren, bazkaltzera bilduko dira elkarteko bazkideak. Edaria eta kopak elkarteak jarriko ditu. Bazkalostean akordeoi doinuekin kantatzeko aukera izango dute bildutakoek eta jai giroak aurrera jarraituko du. Bestalde, eta zendutako bazkide guztiak gogoan, igandeko Lakuntzako meza, goizeko 11:00etan hasiko dena, euren aldekoa izango da.