1979ko azaroaren 11ko gauean Mikel Arregi lakuntzarra Ziorditik bueltan zetorren Lakuntzara, beste lau lagunekin. Hain zuzen ere, Lakuntzako Pertza eguneko tripotak Ziordiko harategi batean egiten ziren orduan eta haiek ordaintzetik zetozen bostak. Etxarri Aranazko kuartela zenetik pasatzerakoan, tiroka hasi ziren Guardia Zibilak eta Mikel larriki zauritu zuten eta ospitalera bidean hil egin zen orduan Lakuntzako Udaleko zinegotzia zen lakuntzarra.
Lakuntzako Udalak urriaren 30ean egindako osoko bilkuran gertatutakoa gogora ekarri zuen. Gogora ekarri zuten Guardia Zibilak orduan esandakoa, lakuntzarrek Etxarrin zegoen kontrol bat geratu gabe gainditu zutela. “Bi urte barru burututako epaiketako epaiak argi jasotzen du ez zegoela inolako kontrolik. Hala ere, inpunitatea erabatekoa izan zen. Arduragabekeria arina egotzi zieten guardia zibilei eta bi hilabeteko espetxealdia besterik ez zuten izan. Orduz geroztik, inpunitateak ez du etenik izan eta Etxarrin Mikel Arregiren omenez jarri zen monolitoak ere hamaika eraso pairatu ditu” gogoratu du Udalak.
Egia, justizia eta erreparazio osoa eskatu du Udalak
Aurreko legegintzaldian 16/2015 Foru Legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, motibazio politikoa dela eta, funtzionario publikoek edo eskuin-muturreko taldeek eragindako biktimak aitortu eta erreparatzeko. Lakuntzako Udalak gogoratu zuen Espainiako Gobernuaren eskariz Auzitegi Konstituzionalak helegitea jarri diola aipatu legeari, eta bertan behera utzita daukala. Hortaz, oraindik ere Mikel Arregik ez du biktima aitortza ofizialik. Horregatik, Lakuntzako udalak, aitortza eta erreparazioaren bidean, ondoko ebazpena onartu zuen osoko bilkuran: Mikel Arregiri gatazkaren biktima izaera aitortzea eta egia, justizia eta erreparazio osoa eskatzea. Bigarrenik, bere heriotzaren 38. urteurrenean Mikel Arregiren familiari elkartasun eta babes osoa ematea onartu zuen Udalak, eta, azkenik, onartutako adierazpena Nafarroako Parlamentuari heleraztea erabaki zuen, “honek aintzat hartu eta bere eskumenen baitan herri eta udal honen borondatea bidera dezan”.
Lore eskaintza
Mikel Arregiren senitartekoek eta lagunek larunbatean, bere heriotzaren 38. urteurrenean lore eskaintza egin zuten Etxarri Aranazko Mikel Arregi plazan haren omenez dagoen monolitoan. Normalean arratsaldean egiten dute lore eskaintza, baina eguerdira aurreratu zuten, Lakuntzako Pertza elkarteko bazkide eguna zelako. Elkarteak ere lore eskaintza egin zion bertako bazkide izandakoari.