Gure aittun-amiñak koadroetan

Guaixe 2017ko abe. 22a, 09:28

Jokin Alegria, Kale, margolari lakuntzarraren serie bat da Gure aittun-amiñak izenburukoa. Alegriak azaldu digunez, “Sakanako herri bakoitzeko pertsona zaharrenak erretratatzea da helburua”. Proiektua bukatu gabe dago, baina dagoeneko sortu dituen 10 erretratuak ikusgai jarri ditu Lakuntzako Kale tabernan. Olioz pintatutako erretratuak dira, “urteen joanak euren aurpegietan utzitako arrastoak eta haritzak bezain sendo egiten dituen barne indarra jasotzen saiatu naiz” esan digu margolariak. Larunbataz geroztik daude ikusgai eta erakusketa noiz kenduko duen ez du zehazturik.

Lakuntzarrak aitortu digunez, “proiektu zaila da”. Alde batetik, erretratua egiteak duen berezko zailtasuna du. Bestetik, herrietako adinduenak zein diren jakiteko, informazio hori lortzeko zailtasunei beste bat gehitzen zaie, pertsona horiei “argazkia egin, hartan oinarrituta pintatu eta gero koadroa erakusteko baimena lortzea”. Alegriak jakinarazi digunez, “enkarguek uzten badidate, Sakana guztiko herriak eta pertsonak osatu arte segitzea da nire asmoa”. Orain arte erretratatutako pertsonei eta haien senideei eskerrak eman dizkie margolariak.