Joan dira Sansastinak

Guaixe 2018ko urt. 22a, 10:02

Biltokikoek piztu zuten suziria, Jokin Kaleri eman zioten danborradako ohorezko txanoa, San Saastin ermitan erromerian bildu ziren lakuntzarrak eta oso giro ona egon da festetan

Lakuntzarren festak dira Sansastinak, neguko festak, agorrilekoak antzinako feriak baitziren. Herritarrendako festa kuttunak dira Sansastinak eta aurten ere horrela izan da, tarteka euria egin arren, giroa primerakoa izan baita.

Biltoki gazte elkartekoek piztu zuten festen hasierako suziria. Ordurako, Lakuntzan sansastinetarako prestatzen diren piperropil txapelketan parte hartu zutenek euren piperropilak aurkeztuak zituzten udaletxean. Epai mahaiak ez zuen lan erraza izan baina, azkenean, Jesus Mozok irabazi zuen piperropil txapelketa, Cristina Razkinekin lehia estua izan eta gero. Bukaeran, aurkeztutako piperropil guztiak dastatzeko aukera izan zen. Lakuntzako Pertza elkartea beteta zegoen afalordurako, danborradako kideak tartean. Eta gauerdian, plazan, Lakuntzako abesbatzak eskainitako San Saastin martxaren doinuei jarraiki hasi ziren danbor hotsak, Ricardo Aretak gogoz gidatu zituenak. Lakuntzako Ozarki txarangaren eta Sakanako Haize Berriak taldeko musikariek ere hartu zuten parte. Sarriegiren Tatiago, Idiyarena eta Diana eskaini zituzten orduan, eta Pamplonesaren Diana Numero uno, Otsagiko Biribilketa, Lantzeko zortzikoa eta Artillero dale fuego etorri ziren segidan. Danborradarekin batera Lakuntzako Pertza elkarteak ohorezko txanoa banatzen du, herriaren alde lan egiten duten lakuntzarrak omentzeko. Aurten Jokin Alegria “Kalek” jantzi zuen txanoa. Margolari lakuntzarrak egiten duen lana eskertu zuen Joxe Floresek, Aretarekin batera danborradako festako beste antolatzaile handiak.

Ohorezko txanoa Jokin Kalerendako
Kalek aipatu zuen ilusio handia egiten ziola errekonozimenduak, baina bere buruari galdetu zion ea merezi ote zuen, “hala balitz herrian dauden musikariak, rock taldeek, antzerki taldeek, dantza taldeek, idazle eta ilustratzaileek edo bera bezalako margolariek ere merezi zutelako. Horregatik, hau guziendako da” aipatu zuen. Halaber, euren ametsagatik borrokatzeko deia egin zien belaunaldi gazteei, “lanarekin eta ilusioarekin gauza txiki eta handiak egiten direlako. Ez da beharrezkoa lehen mailakoa izatea, gustuko duzuna egitea baizik” gaineratu zuen, txalo artean.

Erromeria
Larunbatean lakuntzarrek Aldabara jo zuten, San Saastin ermitara. Lakuntzako Pertza elkarteko kideek auzatea prestatzen zuten bitartean, meza entzun zuten baselizan bildutakoek. Ondoren, Sabino gozogileak urtero prestatzen dituen piperropilak dastatu zituzten, eta elkartekoek prestatutako 30 kilo txistorra, 50 litro txokolate, gazta eta beste banatu zituzten. Herrira bueltan, arratsaldean Elai Alai taldeak emanaldia eskaini zuen eta ondoren herriko kintoek eta gazteek Alkate Dantza eskaini zioten alkate eta zinegotziei. Parranda giroak ordu txikietara arte iraun zuen eta igande goizean aizkora emanaldia izan zen plazan. Arratsaldean, Ordiziako Oroith abesbatzak eta Amets Bide dantza taldeak ikuskizun ederra eskaini zuten plazan. Eta zezensuzkoaren ondoren aurtengo Sansastinak despeditu ziren.

Rekalde eta Areta Lakuntzako Pertza elkarteko mus txapelketako irabazleak
San Saastin egunean jokatu ziren Lakuntzako Pertza elkarteko mus txapelketako finalak. Joxemo Rekalde eta Mikel Areta izan ziren txapeldunak, finalean Jose Julian Garziandiari eta Julian Martiarenari nagusitu eta gero. Arregi eta Juan Ramon Arregi hirugarrenak izan ziren, eta Antonio Flores eta Flores laugarrenak.