Bihar espezie guztiak; asteartean zatamarroak

Guaixe 2018ko ots. 9a, 11:00

Bihar arratsaldean dantzaldia egonen da Kultur Etxean eta asteartean zatamarroak aterako dira kaleetara

Bihar, eguerditik aurrera, Lakuntzako koadrilak, familiak eta txikiak mozorrotuta aterako dira kalera. Denetariko mozorroak ikusteko aukera izanen da inauteri egunean, eta giroa berotzeko 13:30ean hasiko da txaranga lanean. Aurten, kultur etxean izanen da inauterietako bazkaria. Udaletxeak tokia utziko du, baina koadrila bakoitza izango da norbere lagunarteko bazkariko arduraduna. Bazkari autogestionatua izango baita aurtengoa. Ondoren, 18:00etan dantzaldia izango da kultur etxean eta inauteri festak ordu txikitara arte izanen du segida.

Asteartean zatamarroek hartuko dute herria. Soinean arropa eta zaku zaharrak jantzita, aurpegia zapi batekin estalita, buruan lastozko txapela eta eskuan erratza, sardea edo hurritz makila, zigorra. Horixe da zatamarroa. Hura gertutik ikustea seinale txarra, eskutan darabiltenarekin jendea berotu egiten baitute. Hala ere, jendea ez da geldi egotekoa eta haiek zirikatzeko “zatamarro begi-gorri urtien behin etorri” errepika behin eta berriro esanen dute asteartean. Orduan aterako baitira eta kalean gora eta behera ibiliko dira jendea izutzen eta berotzen. Asteartean ere etxeko txikiak mozorrotuko dira.

Egitaraua
Otsailak 10, larunbata
13:030ean Txaranga herrian zehar.
14:30ean Bazkari autogestionatua kultur etxean.
18:00etan Dantzaldia kultur etxean.

Otsailak 13, asteartea
17:00etan Txokolate-jatena.
Ondoren, zatamarroak eta mozorrotutakoak kalez kale.