Bederatzi lakuntzar dira kintoak aurten: Irati Tadeo, Jon Lanz, Xabier Lanz, Julen Vitoria, Garbiñe Goikoetxea, Julen Urabaien, Iker Cerviño, Alicia Cabezudo eta Iratxe Flores. Baina haiekin batera kinto segizioa kinto zahar eta kinto gazteek osatuko dute, 32ko taldea osatu arte. Denak elkarrekin astelehenean, 09:30ean, izanen dira, plazan. Guztiak ere baserritarrez jantzita. Trikitilariak eta bonboa lagun dituztela kalejiran nabarmenduko dira. Astelehen goizean bertan etxez etxeko kinto-eskea eginen dute. Egiteko hori 11:30ean moztuko dute, kintoetako baten etxera gosaltzera joateko. Mokadua jan eta gero kinto eskearekin segituko dute.
Taberna batean bazkaldu ondoren, kinto eskeak arratsaldean segituko du. Merienda hartzera beste kinto baten etxera joanen dira 19:00etan. Ondoren poteoan ariko dira, taberna batean afaldu eta gero Tolosarako bidea hartzeko.
Asteartean, 11:30ean elkartu eta kinto baten etxera gosaltzera joanen dira, eta gero kinto-eskeari helduko diote berriz. Bazkaldu eta gero kinto eskeak segituko du, meriendarekin moztuko dena. Afaldu eta gero kinto-segizio lakuntzarra Altsasura joanen da, parrandara. Bi egunetako gosariak eta meriendak antolatzearen ardura kintoen arteko zozketa bidez aukeratzen da.