Sakana Zart bertsolari taldeak, hau da, Josema Leitza Razkinek, Joseba Andoni Bengoetxeak, Ekain Alegrek Gilek eta Saats Karasatorre Martinezek, asteburu lanpetua izan du. Baztan-Malerrekatik etorritako Addams familia bertsolari taldearekin neurtu ziren sakandarrak Lakuntzan ostiralean, 80 zalek bete zuten Sorginak tabernan. Giro onean aritu ziren bertsolariak. Jokoan zegoen puntua bisitariek eraman zuten. Igandean, berriz, Barañaingo Haizea elkartean Barañetak taldearekin neurtu zen Sakana Zart hirukoa. 40 bertsozaleren aurrean aritu ziren bi taldeak eta puntua etxera ekarri zuten sakandarrek.
E multzoan Addamns familia eta Sakana Zart taldeek puntu bana dute. Multzoko azken neurketa Addams familiak eta Barañetak jokatuko dute, larunbatean, 18:00etan, Elgorriagako ostatuan. Aurrenak irabaziko balu txapelketan aurrera eginen luke. Barañaingoek irabaziko balute, berriz, puntu banako berdinketa izanen litzateke.
Bardoak 2018 bertso ekimeneko lehen faseko azken neurketak heldu den asteburuan jokatuko dira. Haietako bat Altsasun jokatuko da, ostiralean, 21:00etan, gaztetxean. Sakana Zirtek Barañaingo Patioko banda taldea hartuko du.