Sakana kooperatiban ostegunean larri zauritu zen langilea ostiralean hil zen Nafarroako ospitale gunean. 30 urteko lakuntzarrari metalezko plataforma bat gainera erori zitzaion. Ezbeharra Foruzaingoa ari da ikertzen. Gazteari azken agurra atzo eguerdian eman zion, ezbeharrak jota utzi duen herriak.
Ibarrean lan istripuan hildako azken pertsona ere Lakuntzako lantegi horretan izan zen. Azpikontratatutako enpresa bateko Corellako langilea teilatuan lanean ari zela goitik behera erori eta hil egin zen 2015eko garagarrilaren 26an. Epaitegiak azpikontratatutako enpresako bi arduradun zigortu zituen joan den urteko maiatzean. Bestela, lan istripuan hildako azken sakandarra, lakuntzarra, 2015eko martxoaren 30ean hil zen Noainen.