Bai ELAk bai LABek zabaldutako ohar banatan hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei elkartasun osoa adierazi diete. ELAtik adierazi dutenez, “laneko heriotzak ez dira zorte txar edo kasualitate kontuak, saihestu daitezke eta lan baldintza makur eta segurtasun neurri gabeziarekin dute lotura. Arrazoi nagusien artean gehiegizko lan-karga eta lan-erritmo jasanezinak kokatzen dira, baita segurtasun eta osasun arloko inbertsio falta ere. Horregatik, eta balizko ardurak argitze aldera, gertatutakoaren ikerketa sakona ahalik eta azkarren egin dadila” eskatu du ELAk. Aldi berean, enpresei laneko arriskuen prebentziorako arautegia zorrotz betetzeko eskatu die. ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio “baztertu ditzala lan-osasuneko kontzertazio politika publikoak, eta bideratu ditzala behingoz baliabide ekonomiko nahikoak enpresen kontrol eta jarraipenerako beharrezkoak diren neurri errealak ezartzeko”.
LABek ezbeharraren inguruko guztia argitzea exijitu du. Haren arabera, “prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea izan ohi dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza...” LABetik azpimarratu dutenez, “istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeen”. Prekarietateagatik “prebentzio arloan atzera goazela” gaztigatu dute LABetik. Sindikatuko kideendako lanean hildakoen kopurua eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea nahitaezko da, horregatik, lan istripuak deitoratzeko eta salatzeko antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera deitu du.
Bestalde, CCOOk “azken urteetako lan istripuen hazkundearen aurrean hausnarketa sakona eskatzen diegu enpresei eta erakundeei”. Datuak eman ditu: “2017an 2016an baino % 3,2 lan istripu gehiago izan ziren Nafarroan, estatuan, berriz, % 0,9. Joan den urteko ilbeltzarekin alderatuta, aurten % 17 lan istripu gehiago izan dira”. Nafarroako kopuruak “bataz bestekoaren gainetik daudenez, premiazko neurriak hartzea”. Horregatik, Nafarroako Gobernuari “lan ezbehar-kopuruari aurre egiteko plana” eskatu dio. Murrizketen ondorioz bazter utzitako ekimen publikoa berriro hartu eta prebentzio politiken norabidea aldatzea eskatu du. CCOOtik ezinbestekotzat jo dute lurralde prebentzio delegatuaren figura berreskuratzea.