Biltoki elkartearen 50 urteak ospatzeko 3 egun

Guaixe 2018ko api. 6a, 08:34

Lakuntzako gazte elkarteak mende erdia bete duela eta gaurtik igandera, asteburu guztian urteurrena ospatuko du. Adin guztietako publikoendako moduko egitaraua prestatu dute asteburu horretarako

Lakuntzako elizaren hegoaldeko paretara itsatsia dagoen eraikinak 50 urte beteko ditu funtzio bera egiten: Biltoki gazte elkartea izaten. 1968an hasi ziren gaztea lokal hura erabiltzen. Ordutik, makina bat lakuntzar pasa dira handik eta ospakizunetan errazena izanen da gurasoak seme-alabekin topo egitea, edo alderantziz, dela herri bazkarian, dela argazki erakusketan ere.

Aipatu erakusketarekin batera garai bateko taldeak berriro oholtza gainean ikusteko aukera emanen du Biltoki gazte elkartearen urteurrenak. Horretarako gogoz entseatzen ari dira Behin Betiko eta Alkarajo taldeetako kideak. Larunbateko jaialdia beste hiru talderekin eta disko jartzailearekin osatuko da.

Biltokiren mende erdiko ospakizuna prestatzen sei edo zazpi pertsonez osatutako batzorde bat dago. Haiei galdetu diegu urtean zehar beste ezer antolatuko dute eta jakinarazi digutenez, "momentuz asteburukoa da antolatuko dugun bakarra". Lakuntzarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Egitaraua
Apirilak 6, ostirala
19:00 Hasiera, argazki erakustaldia eta pintxo potea.
20:00 Ekitaldia.
21:30 Ogitarteko-jana.
02:30ra arte gau girotua.

Apirilak 7, larunbata
11:00 Haurrendako puzgarriak.
12:00 Kalba jolasa Biltokiko berde gunean.
13:00 Trikipoteoa.
14:30 Bazkaria. Ondoren, Biltokiren sortzaileei omenaldia.
18:30 Eonian elektrotxaranga.
20:30 Kontzertuak: Alkarajo, Behin Betiko, Herdoil, Hell Beer Boys, Puraposse eta Garate dj.

Apirilak 8, igandea
12:30 Dantzariak eta buruhandiak.
13:00 Auzatea.