Herri kirol festa bikaina Lakuntzan

Guaixe 2018ko api. 17a, 14:53

Sakanako aizkolariek, herri kirolariek eta harri-jasotzaileek parte hartu zuten Mank-ek antolatutako Sakanako Herri Kirol Egunean

Eguraldia lagun zutela Lakuntzako plazan aritu ziren, igandean, Sakanako Herri Kirol Egunean parte hartu zuten ibarreko herri kirolariek. Sakanako Mankomunitateak antolatu zuen eguna, Lakuntzako Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Sakanako herri kirolarien laguntzarekin. Orain arte abenduan antolatzen zen festa baina aurten udaberrira aurreratzea erabaki dute, festa frontoietatik plazara ateratzeko. Primeran atera zen, eguraldiak lagundu zuelako eta edozein ekitaldik plazan frontoian baino jarraipen gehiago duelako.

Sakanako Aizkora eta Harri-jasotze eskoletako ikasleak lanean ikusteko aukera izan zen. Aizkora eskolako arduradunak, Juanito eta Migel Angel Erdozia etxarriarrak, han zebiltzan euren pupiloak lasaitzen eta gidatzen. Berdin harri-jasotze eskolako irakasle Mikel Lasarte harri-jasotzaile eta motozerra-moztailea.

Lehenik eta behin, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako herri kirolariek herri kirol konbinada egin zuten, koxkolak, txingak eta trontza erabiliz. Sakanako harri-jasotze eskolako ikasleen saioa izan zen ondoren, eta erdoziatarrak atera ziren plazara. Hiru belaunaldiak, aitona, Juanito Erdozia; semea, Juanjo Erdozia, eta iloba, Jon Erdozia, elkarrekin aritu ziren lanean. Txalo zaparrada ederra jaso zuten. Segidan sokatiran lehiatu ziren Andra Mari eta Iñigo Aritzakoak eta, ondoren, aizkolarien txanda iritsi zen. Lehenik eta behin Sakanako aizkora eskolako ikasle txikienek erakustaldia egin zuten; ondoren, harri-jasotzaileak ibili ziren lanean eta, segidan, aizkora eskolako nagusiagoak. Eta, azkenik aizkolari helduen erakustaldia izan zen. Han ibili ziren Jaime eta Iker Gorriti, Goizeder Beltza eta Eloy Corchero, Juanjo Erdozia eta Iban Resano, eta Arkaitz Jauregi eta Eneko Pagola. Beltza eta Corchero gailendu ziren. Bukatzeko, Mikel Lasartek motozerrarekin arrano baten irudia egin zuen. Festa borobiltzeko herri kirolariak Lakuntzako Pertza elkartean bildu ziren bazkaltzera.

Partaideak
Proba konbinatukoak eta sokatirakoak: Iñigo Aritzako Ekhi, Inhar, Adur, Aitor, Maider, Amets, Aintzane, Ainhoa, Iraia, Izaro, Xabi eta Naroa eta Andra Mari ikastolakoak. Aizkora eskolakoak: Ander Albarracin, Ander Jaka, Joan Goikoetxea, Josu Jaka, Iraide Bergara, Jon Erdozia, Eñaut Oiarbide, Aritz Oiarbide, Unai Jaka, Aitor Salinas, Araitz Jaka eta Mikel Razkin. Harri-jasotzaileak: Albaro Zugarrondo, Javier eta Patxi Iribarren anaiak eta Jon Irañeta. Motozerra-moztailea: Mikel Lasarte. Aizkolariak, nagusiak: Iker eta Jaime Gorriti, Goizeder Beltza eta Eloy Corchero, Juanjo Erdozia eta Iban Resano eta Arkaitz Jauregi eta Eneko Pagola.