Eskolak izena aldatu du

Guaixe 2018ko mai. 1a, 09:54

Luis Fuentes Ikastetxe Publikoko Eskola Kontseiluak proposamena bidali zion Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusi Nekane Oroz Bretoni. Hark eskaera aztertu eta onartzea erabaki zen. Hala, orain arte Lakuntzako Luis Fuentes Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa izena zuen ikastetxeak deitura berria du: Lakuntzako Herri Eskola. Hala jakinarazi zen apirilaren 5ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Eskola bereko web orrian argitzen dute nor izan zen Luis Fuentes:

Lakuntzan jaio zen 1896ko agorrilaren 25ean. Celestina Astizen eta Cristobal Fuentesen (Lakuntzako botikaria) bigarren semea zen. Oinarrizko ikasketak egin ondoren, Bartzelonako Sarriá fakultatean Kimika Ingeniari titulua lortu zuren. Lanean hasi zenean hainbat arlotan aritu zen, esaterako, zinemaren aurreneko garai haietan ekoizlea izan zen, edota Kubara joan zen azukre kanabera sail bateko zuzendari gisa.

Handik bueltan, Arrasateko Unión Cerrajeran lanean hasi zen eta 1934ko industria iraultza ezagutu zuen, ondorioz Lakuntzan Cerrajería San Antonio sortu zuen, burdin-galdaketa, ijezketa eta kalibratzea egiteko gaitasuna zuena. Aipatu beharra dago garai haietan minifundioak ekiditeko Nafarroan ohitura zela seme zaharrenari lurren jabetza uztea eta “bigarren semeak” deiturikoei ikasketak eta ekonomia-hornidura bat ematen zitzaien. Luis Fuentesen ideia enpresan bere bazkide bilakatu ziren “bigarren seme” nafarrak aurkitzea izan zen.

Aukera berrien bila 1942an Lakuntza utzi eta Bilbora joan zen. Aukera, azkenik, Gijonen aurkitu zituen La Calzadan Talleres Asturianos sortuz, burdina galdaketa, ijezketa eta kalibratzea egin zituzten. Gijonen 1954 urtera arte egon zen, gerora Madrilera joan eta bertan 1970an hil zen.

Maria Elena Elola-Olaso Idiacaizekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituen: Jose Luis, Jose Antonio eta Maria Elena (zendua). Bere alarguna, Maria Elena, 2000. urtean hil zen. Fuentesek, antza, txakurrekin ehizan aritzea gustuko zuen eta pilotari amateur ere aritu zen.

Lakuntzan aberastasuna eta enplegua sortu zuen bere ekimen aitzindariak udalak aitortu zuen eta bizi izan zen kaleari eta herriko eskolari Luis Fuentes izena eman zien. Horrela gizartea hobetzeko bere lan geldiezinak, zehazki bere jaioterrian, sari berezi horiek jaso zituen.